Julen Alberdi zizurkildarrarentzat izan da txapela

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 8a, 17:21

Lau eta erdiko Intxaur pilota txapelketako elite mailako finala 22-7 irabazi dio Iñaki Elola bidaniarrari. Promesa mailan, Unai Alberdik jantzi du txapela, 22-18 irabazita Jorge Fernandezen aurka.

Elite eta promesa mailako pilotarien lau eta erdiko Intxaur Txapelketaren finalak jokatu ziren atzo, izen bera duen Zizurkilgo frontoian. Promesa mailan Unai Alberdik irabazi zuen 22-18 Jorge Fernandezen aurka. Elite mailan, berriz, Julen Alberdi zizurkildarrak jantzi zuen txapela 22-7ko emaitzarekin Iñaki Elola bidaniarra garaituz.

Finalei ekin aurretik, jubenil mailako binakako partidaz gozatzeko aukera ere izan zen. 22-9 irabazi zuen Aimar Egiguren eta Unai Albenizek osatutako bikoteak Egoitz Olaizola eta Xabat Olaizek osatutakoaren aurka.

Finalei dagokienez, promesen mailan, Unai Alberdik ederki ekin zion partidari, eta 7-0 jarri zen aurretik. Jorge Fernandez, ordea, pixkana partidan sartzen joan zen, eta arerioari gerturatzen. Alde handiarekin hasi zen partida, baina, eta hori izan zen gakoa, txapela azpeitiarrak janzteko. 21-16ko markagailuarekin ziren azken txanpan, eta 21-18 ere gerturatu zen Fernandez, baina, azkenean, Alberdik jarri zuen 22koa.

Ondoren jokatu zen elite mailakoen finala. Aurrekoa baino orekatuagoa hasi zen, zortzigarren tantora arte ia parean joan zirelarik Julen Alberdi eta Iñaki Elola. Dena den, ia hasieratik zizurkildarrak maila hobea erakutsi zuen. Ia ez zuen akatsik egin, eta ez zion bidaniarrari bere jokoa egiten utzi. Erritmo handiko partida izan zen, eta Alberdik dejada dotoreengatik eta pilota batera eta bestera mugitzeko trebeziagatik txalo zaparradak jaso zituen. Azkenean, 22-7 nagusitasunez irabazi zuen zizurkildarrak.

Aipatzekoa, sari banaketan, Joxean aitaren eskutik jaso zuela txapela Julen Alberdik, eta epaile lanetan aritu zirenek ere jaso zutela garaikurra. Finalean ere jende ugari batu zen Intxaur frontoian, giro polita sortuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!