'Sutan dantzan' ikuskizunerako eta bertso jaialdirako gonbidapenak beharko dira

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 4a, 18:00

Zizurkilen, abuztuaren 13tik 15era egingo duten kultur asteburuko bi emanalditarako gonbidapenak hartu behar dira aurrez; Iriarte eta Plaza Etxeberri jatetxeetan har daitezke.

Zizurkilgo festa batzordeak gogorarazi du kultur asteburuko ekimenek sarrera librea izango dutela, baina abuztuaren 14an, larunbatean, Julen Alonsok eta Onkari dantza taldeak eskainiko duten Sutan dantzan ikuskizunerako eta abuztuaren 15ean, igandean, egingo den bertso saiorako gonbidapenak hartu beharko direla aldez aurretik. Sarrera horiek Iriarte eta Plaza Etxeberri jatetxeetan egongo dira. Pertsonako gehienez lau sarrera hartu ahalko dira. Sarrera dutenek, ekitaldia hasi baino 15 minutu lehenago pilotaleku barruan egon beharko dute, eta eserleku guztiak beteko ez balira, sarrerarik ez dutenek sartzeko aukera izango dute.
 
Egitarauari dagokionez, zehaztapen bat egin dute: abuztuaren 13an, ostiralean, puzgarriez gain, Bubble balls delakoak ere izango dira, gaztetxoak barnean sartuta biraka ibiltzen diren pilota erraldoiak. Festa batzordetik parte hartzeko deia egin die herritarrei eta bisitatu nahi dituztenei, ekitaldi guztietan garaiak eskatutako segurtasun neurriak beteko direla azpimarratuz.
 

Hauxe da Zizurkilgo Herrigunean hiru egunetarako antolatu duten egitaraua:

  • Abuztuak 13, ostirala
    16:00etatik 19:00etara. Puzgarriak P.M. Otaño plazan.
    19:00. Frontona antzezlana, Intxaur frontoian.
  • Abuztuak 14, larunbata
    09:30. Konkis Txiki 6 urtetik gorako haur eta gaztetxoentzat erronka eta proba dibertigarriak herrigunean zehar.
    11:00. 6 urtetik beherakoentzat jolasak P.M. Otaño plazan.Arratsaldeko 18:00etan “Mikra” 18:00. Mikra zirko emanaldia P.M. Otaño plazan.
    22:30. Julen Alonso eta Oinkariren eskutik Sutan Dantzan ikuskizuna Intxaur frontoian*.
  • Abuztuak 15, igandea
    11:00. Haurren basoa ekimenaren eskutik, tailerrak eta jolasak.
    12:00. Herri kirol saioa:
    Aizkoran, Jon Irazu-Txomin Amondarain / Unai Otaegi-Joseba Otaegi.
    Harri jasotzen, Udane Ostolaza.
    19:00. Bertso jaialdia Intxaur frontoian. Maialen Lujanbio, Unai Mendizabal, Amaia Agirre, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Amets Arzallus. Gai jartzen, Igotz Alkorta*.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!