Euskararen muga periferiakoak

Jon Miranda Labaien 2021ko uzt. 14a, 19:59

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi dute Irene Zaldua eta Irati Egibar zizurkildarrek; Gradu amaierako lan gisa, ahotsa eman diete askotan ahanzturan geratzen diren euskaldunei

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi dute Mondragon Unibertsitatean eta gradu amaierako lana prestatu dute Irene Zaldua Tapiak (Zizurkil, 1997) eta Irati Egibar Izetak (Zizurkil, 1999), Ekhiñe Aizkorbe ikaskide nafarrarekin batera. Unibertsitatean ikerketa lan bat aurkeztu dute, eta ikerlanarekin lotutako proiektua gauzatu dute, kasu honetan, Ahotsak.eus atariarentzat. «Guk ezagutzen genuen proiektu horretan egiten duten lana eta zuzenean jo genuen webguneko arduradunengana. Oso pozik hartu zuten gure egitasmoa eta esan ziguten guk egindako lanak balio izan diela eurek orain arte jorratu duten eremua zabaltzeko», esan du Zalduak.

Mondragon Unibertsitatean jardun duten bitartean euskararekiko bizipen ezberdinak ezagutu dituzte ikaskideen artean eta Zalduak eta Egibarrek aitortu dute, eurek erdigunetik, harreman «natural eta egunerokoa» dutela euskararekin. «Ikusten genuen gure ikaskide guztiek ez zutela euskara gure modu berean bizi eta ahalegin bat eskatzen ziela gure hizkuntzan jarduteak, edo haientzat behintzat, hautu kontziente bat zela euskaraz aritzea. Zergatietan gehiago arakatzeko nahiak bultzatu gintuen lan honetara», azaldu du Zalduak. Gradu amaierako lana gauzatzeko euskararen periferian bizi diren 13 lagunen testigantzak jaso dituzte bideoz.

Euskararen erdigunetik aparte, periferiako euskal lurretan euskararen transmisioa nola eman den jakiteko jo zuten elkarrizketatuengana. «Errealitate hori nolakoa den jakin nahi genuen, euskaraz egunero bizitzeko zein ahalegin egin behar duten kontatu digute. Gu gara, seguruenik, burbuila batean bizi garenak. Euskara ez dago egoera normalizatuan eta normaltasun eza periferiako pertsona hauetan gorpuzten da».

Testuinguru historikoa eta marko teorikoa aztertu dituzte ikerketa abiatzeko. Araba, Bizkaia, Nafarroa, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Lapurdin euskararen transmisioan eman den etena, biziberritzeko zein tresna erabili dituzten eta gaur egungo egoera aztertu dute. Abiapuntu horretatik jo dute 13 elkarrizketatuengana. «Haien bizipenetatik abiatu eta testigantza horiei eman nahi genien balioa», esan du Egibarrek. «Eta aitortza bat egin», gaineratu du Zalduak, «askotan ahanzturan gelditzen diren euskaldunei ahotsa eman nahi genien, haiek egiten duten ahalegina goraipatzeko».

Euskal Herriko mugetara jo dute hiru gazteek testigantza bila. Barkoxen, Erronkarin, Artziniegan, Oionen, Artzentalesen edota Gueñesen bizi diren euskaldunak elkarrizketatu dituzte. «Guztiek euskara edo galdu edo ia ahaztu dute urte luzeetan eta momentu batean hautu kontziente bat egin dute hizkuntza berreskuratzeko. Aukera hori gainera ez da erraza izan haientzat, ahalegin bat eskatu die haien ingurunea ez delako euskalduna».

Egindako elkarrizketen zatiak Ahotsak.eus webgunean zintzilikatu dituzte eta solasaldi horien pasarteekin Periferiaren mugak izeneko ordu erdi pasatxoko dokumentala osatu dute. Etzi, adibidez, Urruñako Itsasmendi zineman aurkeztuko dute 18:30etik aurrera. «Gure asmoa da dokumentala toki gehiagotan aurkeztea eta ondoren Ahotsak.eus-en ikusgai jartzea», aipatu dute egileek.

EUSKARAREKIKO GRINA

Euskarak duen estatus juridiko eta legalaren arabera ere neurtu daiteke erdigunea eta periferiaren arteko muga, Egibarren ustetan. «Euskara ofiziala ez den tokietan, Nafarroako hegoaldean edota Ipar Euskal Herrian, zailtasunak handiagoak dira». Araban, Bizkaian edota Nafarroako zenbait eremutan nahiz eta euskararen ofizialtasuna bermatuta egon, eta nahiz eta hizkuntza transmititu den, erabileraren datuak oso baxuak direla frogatu ahal izan dute gradu amaierako lan honetan. «Ez da estatus legala bakarrik, ingurunea ere behar du euskarak, eta batez ere,zentralitatea», esan du Egibarrek.

Bi ikasleek, behin lana amaituta, erdigunetik beste modu batera begiratzen diote periferiari. «Lanak balio izan digu konturatzeko batzuk egunero borrokatu behar izaten dutela euskaraz bizitzeko, hautu kontzientea egin behar izaten dutela eta irmo eusten diotela erabakiari, ingurunea kontra eduki arren». Periferiak babesten du zentroa. Ondorio horietara iritsi dira bi zizurkildarrak: «Euskara hemen galdu ez bada da beste leku batzuetan lehenago galdu delako, suhesi bezala funtzionatu duelako periferiak».

Irakasbide bat baino gehiago atera dutela aitortu du Egibarrek. «Hemen indartsu mantentzen da euskara, baina adi egon behar dugu. Euskara zikintzen ari da, geroz eta erdarakada gehiago sartzen ditugu hitz egiterakoan, eta hori erabileraren gainbeheraren bezpera izan liteke». Badaezpada alarma piztuta edukitzea komeni dela dio Zalduak eta periferiako jendeak duen «gogoberotasunaz» kutsatzea izan daiteke formula euskararen aldeko tentsioari eusteko.

«Gogo eta grina hori ikustea oso pozgarria izan da guretzat», esan du Egibarrek. «Mugaren ondoan egoteak badakartza gauza onak ere, eta askotan erdigunetik gure zilborrari begira egoten gara gu. Ez legoke gaizki haiek egiten dutenari arreta jartzea». Geografikoki Euskal Herria gehiago ezagutzeko aukera izan duela nabarmendu du Zalduak eta begirada zabaltzeko: «Duela urtebete, lan hau egiten hasi aurretik ez nuke jakingo zer esan, ez dut uste gai honen inguruko iritzirik izango nukeenik. Ikuspegia zabaltzeko balio izan dit».

Zaldua kameran, Aizkorbe audioan eta Egibar galderak egiten. Horrela banatu dituzte egitekoak gradu amaierako lana gauzatzerako orduan. Gustura daude hirurak unibertsitatean jasotako balorazioarekin. «Lan biribila dela eta gauza asko jasotzen ditugula esan digute. Gure helburua ere bazen lan hau hemen geratzea, hemendik urte batzuetara norbaitek zerbait ikertu nahi baldin badu erreferentzia bat izan dezan. Orain arte gutxi ikertu da mugako leku hauetan euskarak izan duen bilakaeraz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!