Lau eta erdiko Intxaur Txapelketa sortu dute Zizurkilen

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 13a, 19:59

Elite eta promesa mailako pilotarientzat kirol hitzordu berria sortu dute Zizurkilen; etzi hasi eta abuztuaren 7a bitartean, Intxaur pilotalekuan jokatuko dira partidak.

Zailtasunez betetako garaia izanagatik, kirol hitzordu berria sortu dute Zizurkilen: Lau eta erdiko Intxaur Txapelketa. Elite eta promesa mailako pilotariek jokatu dute txapelketa, eta aurkezpen ekitaldian «oso hitzordu indartsua» dela azpimarratu du Iban Lizarraga kirol zinegotziak.

Uztailaren 16tik abuztuaren 7ra jokatuko da txapelketa. Lau eta erdiko modalitatean une honetan «punta-puntan» dabiltzan pilotarien jokoa ikusteko aukera izango dela esan du Lizarragak. Honela, zaletuei goi mailako jokoaz gozatzeko aukera eskainiko diete.

Final-laurdenetan ekingo diote lehiari, bi asteburutan jokatuko dituzte, eta uztailaren amaieran izango dira finalaurrekoak. Eta abuztuaren 7ko finalarekin emango zaio amaiera.

1989an eraikia den Intxaur pilotalekuak eman dio izena txapelketari, eta bertan jokatuko dira partida guztiak. Kirol zinegotziak aipatu duenez, herriko pilotari eta pilotazaleen bilgune nagusia da pilotalekua. Eta gaineratu du zizurkildarrek txapelketa gertutik jarraitzeko arrazoi bat izango dutela, «herritarra den Julen Alberdi pilotariak parte hartuko baitu txapelketan».

Zizurkil herrian bada pilotarako sena, eta «tarte berezia» duela nabarmendu du Ainhoa Larrea udaleko teknikariak. Ziotza Pilota Eskola dute herrian, eta besteak beste, Julen Alberdi pilotaria bera da pilota eskolako entrenatzailea. Afizionatuen mailako txapelketa hau antolatzeko Zizurkilgo Udalak eta pilota eskolak Pilotarien Txokoaren laguntza izan dute. Euskal Herriko eta Errioxako momentuko pilotari esanguratsuenak bertara ekartzea lortu dutela esan du Larreak. Etorkizunera begira jarrita, txapelketarekin lanean jarraituko dutela adierazi dute, emakumeekin ere txapelketa antolatu nahi baitute.

Finalerdiak eta finala ikusteko sarrerak erosi beharko dira. Zizurkilgo udal bulegoetan egongo dira salgai, eta hiru euro ordaindu beharko da bakoitza.


LAU ETA ERDIKO INTXAUR TXAPELKETA

Uztailak 16, ostirala: 19:00
Elite maila. Xabi Urbieta (Behar Zana) / Iñaki Elola (Aurrera Tolosa).
Promesa maila. Javi Oskoz (Oberena) / Beñat Senar (Lapke).

Uztailak 18, igandea: 12:00
Elite maila. David Landa (Oberena) / Iker Espinal (Ugarte).
Promesa maila. Iker Amiano (Aurrera Tolosa) / Josu Igoa (Oberena).

Uztailak 24, larunbata: 20:00
Elite maila. Paul Ojuel (Hernani) / Julen Alberdi (Aurrera Tolosa).
Promesa maila. Aingeru De la Fuente (Buruzgain) / Sergio Gutierrez (San Cosme).

Uztailak 25, igandea: 12:00
Elite maila. Xabi Sancho (Pagazpe) / Eneko Labaka (Aurrera Tolosa).
Promesa maila. Julio Fernandez (San Cosme) / Aitor Altuna (Aurrera Tolosa).

Finalaurrekoak
Uztailak 31, larunbata. 20:00etan hasita, uztailaren 6ko irabazleak, uztailaren 18ko irabazleen aurka.
Abuztuak 1, igandea. Uztailaren 24ko irabazleak, uztailaren 25eko irabazleen aurka.

Finala
Abuztuak 7, larunbata. 20:00etan hasitako jokatuko dira bi finalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!