Bertatik Bertara kanpainarekin bat egin du Zizurkilek

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 2a, 17:30

2.000 mahai-gaineko berezi jarriko dituzte otorduak eskaintzen dituzten herriko taberna eta jatetxeetan.

Udalerri euskaldunetan bertako hizkuntza nabarmendu nahi duen ekimena da Bertatik Bertara. Kanpaina honen bidez, herri euskaldunetan bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera animatu nahi dituzte bisitariak, eta hori horrela izan dadin, zerbitzua euskaraz ematera animatu nahi dituzte zerbitzu sektoreko langileak.

Uemak sustatukoa da eta Zizurkilgo Udalak bat egin du kanpaina berezi honekin, "gurera gerturatzen diren bisitariek euskaraz goza dezaten". Maite Amenabar alkateorde eta euskara zinegotziak aipatu duenez Zizurkilek pauso handia eman du euskara sendotzeko bidean, maiatzaz geroztik Uemako kide baita udalerria: "Euskarak presentzia handia du gure herrian eta Uemako kide izateak presentzia hori sendotu eta hauspotuko duelakoan gaude. Indartsu dago Uema, 90 udalerrik osatzen dugu eta sendo ari gara lanean euskararen arnasguneak babestu eta balioan jartzen. Gure altxorra da euskara eta guri dagokigu zaintzea eta zabaltzea".

Ainhoa Larrea euskara teknikariak xehatu ditu kanpainaren helburu nagusiak: "Udalerri euskaldunak balioan jarri nahi dira zer nolako altxorra diren erakutsiz; bisitariak horren bertako den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera animatu eta bisitarekin hartu-emana duten langileak zerbitzua euskaraz emateak eskaintzen duen balioaz ohartarazi nahi ditugu".

Euskarri ezberdinak erabiliko dituzte kanpaina garatzeko, eta besteak beste, otorduak eskaintzen dituzten Zizurkilgo taberna eta jatetxeetan mahai-gaineko bereziak jarriko dira. 2.000 banatuko dira egunotan. "Bisitariak euskararekin lehen harremana izan dezan hiztegitxoa jasotzen du mahai-gainekoak. Ohiko agurrak eta esamolde laburrak biltzen ditu bost hizkuntzetara itzulita: katalana, galiziera, gaztelania, frantsesa eta ingelesa".

Taberna eta dendetako erakusleihoan ere jarriko dituzte kanpainaren berri ematen duten informazio orriak. Orri horretan QR kode bat egongo da sakelako telefono bidez euskarazko hiztegi txikia kontsultatu ahal izateko. Horrez gain, kanpainak bere isla izango du udaleko webgune eta sare sozialetan ere. Bisitariekin harreman zuzena duten pertsonei zuzendutako sentsibilizazio bideoa ere osatu du Uemak, ostalariak zerbitzua euskaraz emateak eskaintzen duen balio erantsiaz ohartu daitezen.

"Mahaian eserita, bertako produktuak dastatu eta gure hizkuntza entzutea bidaia aberasteko modu zoragarria izan daiteke", esan du Larreak eta kanpainaren lelo nagusiarekin batera euskarrietan agertuko den testua gogoratu du: "Gure herria, gure hizkuntza eta gure jendea ez da postaletan kabitzen".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!