Udan kulturarekin beteko dituzte plazak

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 24a, 13:18

Zizurkilgo Udalak hainbat ekitaldi prestatu ditu udarako, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Kultur ekitaldiak izango dira protagonista nagusi, baina kirol eta jai girokoak ere egingo dituzte.

Zizurkilgo Udalak herria kultura beteko du udako hilabeteetan. Hainbat ekitaldi prestatu ditu herriko zenbait eragilerekin elkarlanean. Kultur egitarauak ez du etenik izango uda osoan eta agindutako segurtasun eta osasun neurriak zainduz egingo dira ekitaldiak.

Kultura saila buru-belarri aritu da lanean udako aisialdi eskaintza oparoa prestatzen. Egitaraua aurkezteko agerraldian Maite Amenabar Kultura zinegotziak hartu du hitza: "Egoera zaila bizitzea tokatu zaigu azken urte luze honetan eta Zizurkilen indar berezia jarri nahi izan dugu kultur eskaintza egiten. Kultura behar beharrezkoa da jendartearentzat eta kultur eragileen lana babestea ere ezinbestekoa dela sinesten dugu. Ahalegin berezia egin dugu udako programazioa prestatzeko".

Zizurkilgo Blues Gaua azpimarratu du, besteren artean, Ainhoa Larrea kultura teknikariak. Iazko etenaren ostean, formatu berrituarekin dator aurtengoa eta hiru tabernetan eskaini ohi diren kontzertuak Joxe Arregi plazara ekarriko dituzte, jende pilaketak ekiditeko. Bi kontzertu izango dira: Ipar Irlandako Sinead Savage eta Leioako Travellin' Brothers taldeak arituko dira uztailaren 17an. Herriko tabernariekin batera antolatu da musika jaialdia.

Zizurkilgo Herria Lau eta erdiko afizionatu txapelketa eta Gaztezulon gazteentzako prestatu dituzten ekitaldiak ere aipatu ditu Larreak. Horrekin batera, Saseta defentsa sistemaren inguruko auzolandegiaren barruan, burutzen ari diren lana herritarrengana gerturatzeko bi ekitaldi egingo dituzte: uztailaren 7an hitzaldi bat eta uztailaren 10ean lubakietara bisitaldia.

Zizurkilgo Herrigunean abuztua erdialdera antolatzen dituzte festak eta Elbarrenan berriz iraila hasieran. Aurten osasun egoerak baldintzatuta baina ekitaldi batzuk egingo direla aurreratu du Iker Urruzola alkateak. "Iazko egoerak ez zigun utzi ohiko festak antolatzen, eta bai Herrigunean eta bai Elbarrenan, ekintza kulturalak antolatu zituzten festa batzordeek". Herriguneko jaiak nahikoa aurreratuta daudela esan du alkateak eta abuztuaren 13, 14 eta 15ean egingo diren ekitaldietako batzuk iragarri ditu: Frontona ikuskizuna, Julen Alonsoren kontzertua, ohiko bertso jaialdia eta haur jolasak.

Festa batzordeek osasun eta segurtasun neurriak betearaziko dituztela azpimarratu du Urruzolak eta irailari begira Elbarrenako festa batzordeak hartu duen erabakiaren berri eman du: "Irailaren 8tik 12ra bitarteko egunetan egingo dituzte ekitaldiak, ez dira ohiko jaiak izango baina ohikotasun baten barruan, lauzpabost egunetan pilatuko dituzte antolatutakoak".

Bi festa batzordeei eskerrak eman dizkie Zizurkilgo alkateak, "herria bizirik mantendu eta herria koloreztatzen jarraitzeagatik". Udalak beharrezko laguntza eskainiko diela esan du. Kultura batzordearekin ere akordatu da Urruzola eta arduradun politiko, teknikoek eta idazkariek egin duten ahalegina azpimarratu du: "Urte eta erdi honetan hainbat ordu pasa dituzte egoera oso zail batean alternatiba berriak sortu nahian. Jendea ohituta zegoen kultura eskaintza zabala izatera Zizurkilen, eta iazko martxoan, asteburu bete-bete baten atarian, errotik moztu ziguten jarduera guztia. Oraingo honetan aurkeztu den programaketa honen atzean lan asko dago eta zinez udaletik miresmena eta eskerra adierazi nahi diegu antolaketa lanetan ibili direnei".

  • Ekainak 27, igandea
    • 18:30. Intxaur frontoian Alurr dantza taldeak Gattiu ikuskizuna eskainiko du. Gonbidapenak eskuragarri daude udal bulegoetan.
  • Uztailak 7, asteazkena
    • 17:00. Plazida Otaño liburutegian Memoria historikoa eta gertuko memoria Amasa-Villabonan hitzaldia eskainiko dute Leire Padillak eta Esti Amenabarrok, Saseta defentsa sistemaren inguruko auzolandegien barruan.
  • Uztailak 10, larunbata
    • 11:15. Peuskaten elkarte eta herritarrek Saseta defentsa sistemako Azarolatxiki inguruan dauden lubakietara bisitaldia egiteko aukera izango dute.
    • 20:00. Intxaur pilotalekuan Neomak taldearen kontzertua.
  • Uztailak 16tik abuztuaren 7ra.
    • Zizurkilgo Herria Lau eta erdiko afizionatuen pilota txapelketa jokatuko da. Promesa eta elite mailako pilotaririk onenak ikusteko aukera eskainiko du txapelketak. Abuztuaren 7an jokatuko dira finalak.
  • Uztailak 17, larunbata
    • 19:00. Zizurkilgo Blues Gauaren barruan, Joxe Arregi plazan Sinead Savage Ipar Irlandako taldearen kontzertua izango da.
    • 20:00. Zizurkilgo Blues Gauaren barruan, Travellin' Brothers Euskal Herriko taldeak kontzertua eskainiko du Joxe Arregi plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!