Urkamendin indusketak egingo dituzte auzolanean

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 1a, 16:24

Burdina taldeko kideek egingo dute ikerketa arkeologikoa Aranzadi zientzia elkarteko kideen gidaritzapean. Ekainaren 5ean eta 12an izango dira auzolandegiak. Izen emateak, asteazkena baino lehen egin beharko dira udal bulegoetan.

Karlistek erabilitako gotorleku bat egon zen Urkamendi mendiaren tontorrean. 1873ko abuztuan ezarri zuten gotorleku hori bertan eta 1874ko otsaila arte mantendu zuten.

Burdina taldeko kideak indusketa lanetan ari dira egunotan. Aranzadi Zientzia elkarteko Alfredo Moraza taldean hartuta, Urkamendiko tontorrean dabiltza, ikerketa lanak egiten. Morazak aipatu duenez: “Tolosa liberalen eskuetan zegoen. Karlistek bereganatu egin nahi zuten, eta errenditu arazi nahian, setiatu egin zuten. Jakiak, armak… Tolosan behar zuten guztia kanpotik ekarri beharra zeukaten. Andoainen barrena etortzen ziren Tolosara gauzak eramatera eta horregatik, inguru osoan hainbat gotorleku jarri zituzten bidea mozteko. Gotorleku horietako bat Urkamendin jarri zuten”.

Ikerketa arkeologiko bat bertatik bertara ezagutzeko gogoa eta interesa dutenek, horretarako aukera  izango dute datozen bi larunbatetan, ekainaren 5ean eta 12an, Zizurkilen.

Burdina taldeko kideak gerturatu ziren Zizurkilgo udaletxera Urkamendiko gotorlekuaren inguruko berri eman eta indusketa egiteko proposamena luzatuz. Iker Urruzola alkateak esan duenez, “oso garrantzitsua iruditzen zaigu gure iragana ezagutzea, nor garen ulertzeko", eta gaineratu du,"gure herriaren historiaren zati bat dago Urkamendin eta ikerketa arkeologiko honek hobeto ezagutzeko aukera emango digu". Zizurkilgo Udalaren ardatzetako bat herrigintza da eta Burdina taldeak "ezin hobeto" ordezkatzen duela hori nabarmendu dute udaletik. "Bolontarioez osatutako taldea da Burdina, gure ondarea berreskuratu eta azaleratzen lan handia egiten ari dena”, nabarmendu du Urruzolak. 

Urkamendi mendian, karlistaldiekin lotura duten arrastoen bila ariko dira datozen egunetan ere Burdina taldeko kideak, Aranzadi Zientzia elkarteko kideen gidaritzapean. Euskal Herriaren historia bertatik bertara ezagutu, jendearekin harremanak egin eta ikerketa arkeologikoak nola egiten diren ezagutzeko aukera eskainiko dute, gainera. Ekainaren 5ean eta 12an egingo dituzte auzolandegiak Urkamendin eta bertan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da aurrez izen ematea Zizurkilgo udal bulegoetan, 943 69 10 12 (4. luzapena) telefonoan. Ekainaren 3a da horretarako azken eguna.

Material ezberdinak aurkituta

Oraindik argi ikusten direla tontorraren inguruan eraikitako lubakiak adierazi dute adituek. Morazak azaldu duenez, “gure ustez gotorleku hori oinarrizkoa zen. Talde txiki bat egongo zen bertan, eta beharra zegoenean, jende gehiago gerturatuko zen inguruko baserrietatik. Asteasun bertan zegoen kuartel nagusia, Lizarragarena”. 

Material ezberdina aurkitu dute dagoeneko: bala-zorroak, balaren bat, txanpona, iltzeak, ferra… garai hartakoa guztia. "Gisa horretako materiala azaltzea espero dugu. Liberalak Tolosa aldera joaten saiatzen ziren aldiro borroka egongo zen inguru honetan, eta horregatik ari dira azaltzen balak eta bala-zorroak". Momentu hartan eskura zeukaten edozein armarekin egiten zutela tiro argitu du: "Eskopetekin, lapurtutako armekin… tiro egiteko balio zuen edozerekin”. 1874an, Karlistek Tolosa hartu zutenean, Urkamendiko gotorlekua bertan behera utzi zuten, baina bertan geratu zen hainbat eta hainbat arrasto. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!