Finaletik tanto bakarrera geratu da Erasun

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 29a, 10:01

Zizurkildarrak ez du Promozio Mailako Buruz Buruko Txapelketako finala jokatzerik izango, 379 pilotakadako finalerdi gogorrean, Egiguren V.aren aurka 22-21 galdu ondoren.

Gernikako Santanape frontoian jokatzen zen jaialdiko bigarren partida zen atzo gauekoa. Lehenengoan, Peio Etxeberriak 22-13 irabazi zion Iker Salaberriari, 350 pilotakada jo ondoren. Bigarren honetan, erritmo lasaiagoan aritu baziren ere, tanto gehiago jokatu eta pilotakada gehiago jo zituzten, 379 guztira; bada, ordu betetik gora iraun zuen, eta azkenean, 00:30ak pasatxo amaitu zen partida.

Egiguren V.a pilotari azpeitiarrari ederki sufritu behar izan zuen, partida irabazteko. Erasunek, ohikoa duen moduan, pilotakada ia guztiak jasotzen zituen, borrokalari aritu zen, eta ia partida guztian izan zuen gidaritza. Lehen atsedenaldi luzera heltzerako, 12 eta 5 aurreratu zen zizurkildarra. Ordurako, gainera, txokotik jaso nahi izan zuen pilota bat jotzean, ezker hormaren aurka jo, eta ezker besoan min hartu zuen Egigurenek. Aldageletarako bidea hartu zuen, eta kolpe bat besterik ez zirudien arren, ez zen fin aritu hainbat tantotan.

Atsedenaldiaren ondoren ere, gidaritza hori izaten mantentzen zen Erasun. Sakearekin asmatuz, eta ahal izan zituen pilota gehienak ezker horman baztertzeari esker, alde politarekin jarraitzen zuen aurretik: 15 eta 9.

Egigurenek, ordea, ez zuen inoiz amore eman, eta borrokan jarraitu zuen amaierara arte. Bigarren zatian, gainera, Erasun baino hobeto aritu zen. Fisikoki ere, hauspoz, zizurkildarra baino gehiago zela ikusi zuen, eta hor egon zen gakoa. Gerturatzen ari zen azpeitiarra, Erasuni neke zantzuak atzematen zitzaizkion bitartean. Ondorioz, eta partida osoan zehar bere jokorik onena egiterik ez izan arren, Aspeko aurrelaria hobeto heldu zen partidaren azken txanpara, jakitun zen aurkaria nekatuta zegoela, eta beraz, alde batetik bestera mugitu zuen pilota. Horrela, lehen aldiz, aurretik jartzea lortu zuen: 16 eta 17.

Ordura arte, bizitasun handiko partida izan ez bazen ere, handik aurrerako tanto guztiak tentsio ikaragarriarekin bizitu zituzten bi pilotariek. 19 eta 21 aurretik zen Egiguren. Bazirudien jada partida ixtea lortuko zuela, baina orduan heldu zen akatsik handiena: sakez falta egin zuen. Berriro ere, tantoak menpean hartzeko aukera zuen Erasunek, eta horri esker, markagailuan 21nako berdinketa ezartzea lortu zuen.

Azken tantoan, gainera, berak zuen sakea; min egin ziezaiokeen aurkariari. Baina azkenean, Egigurenek hartu zuen aginte makila, eta ezker airez txapa azpira bota zuen pilota zizurkildarrak, buruz gain zihoan pilota bat eraman nahi izan zuenean. 22 eta 21, eta Erasun, Promozio Mailako Buruz Buruko finaletik kanpo geratu zen. Egigurenek, hortaz, Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du finala. Beste behin ere, buruz buru jokatzeko pilotari sendoa dela erakutsi zuen Erasunek, baliabide asko dituelako. Atzo, ordea, azken errematea jartzea falta izan zitzaion.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!