Ibilaldi gidatu-antzeztua egin dute gaur goizean Zizurkilen. Maiatza Saltsan ekimenaren barruan antolatutako ekintza izan da. Parte hartzaileak Joxe Arregi plazatik irten dira 10:30ean, eta Unai Mendizabal bertsolaria izan dute gidari bide guztian zehar. Gerturatu direnak herriko hainbat eragileek antolatutako ikuskizunez gozatzeko aukera ere izan dute.
Zizurkilgo Bukalai dantza taldeak eman dio hasiera ibilaldiari Joxe Arregi plazan. Lehen geldialdia Akezko errota izan da, eta bertan, Pedro Maria Otaño Herri Eskolako gazteak egindako antzerkia eta kantuek alaitu dute giroa. Ibilbidean zehar esan dute garai batean errota ugari zeudela Zizurkilen eta Aiztondo bailaran. Hain justu, Akezkoerrota XVIII. mendekoa dela esan zuten, lehen erreferentziak 1703 urtekoak direlarik. Garai hartan Akezkoerrota udalarena zen eta errentan jartzen zen. Aurkitu duten datu baten berri eman zuten ere: 1749. urtean Joanes Etxeberriak hartu zuen errentan, eta garesti atera zitzaiola esan zuten. 64 dukat edo urrezko txanpona ordaintzeaz gain, erramu egunerako gari anega bat (50 kilo), Corputs egunerako 40 bolbora libra (kilo erdia) eta Zizurkilgo Andra Mari jaietan korritzeko zezen bat eman behar izan zituen, eta jaietan suziria botatzeko konpromisoa hartu behar izan zuen ere. Gerrak tarteko udalak errota saldu egin behar izan zuen eta 1810. urtean Jose Manuel Arizmendik erosi zuen. 40 bat urte dira errota itxi zela, baina bertan bizi diren ondorengoek edozein momentutan irekitzeko txukun mantendu dutela esan zuten.
Bigarren geldialdia Zizurkilgo hilerria izan da, non Loatzo Musika Eskolakoen doinuez gozatzeko aukera izan duten. Zizurkilgo Udala izan da hirugarren geltokia, eta Zubimusu Ikastolako ikasleek beste antzerki bat eskaini dute. Azkenik, San Millan Eskolako haurrak Herrigunean egin duten Donemiliaga jauregiaren inguruko antzerkiaren bidez eman zaio amaiera ibilaldiari.