Zizurkilgo Udalak hitzarmena sinatu du Oinherri elkartearekin

Jon Miranda Labaien 2021ko mai. 21a, 07:59

Herri hezitzaileak sustatzeko elkarteak urtebeteko hitzarmena sinatu du udalarekin, eta honenbestez, herri hezitzaileen sareko parte izango da Zizurkil.

Oinherri Euskal Herri mailako aisialdia, hezkuntza, kultura eta euskara arloetan lan egiten duten 16 eragilek osatzen dute. Herri bat hezitzailea dela esan ahal izateko gakoak lantzen jardun du elkarteak teoria mailan. Maite Azpiazu Oinherriko kideak laburbildu ditu zazpi printzipioak: "Haurtzaroaren kultura aitortzea; benetako parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena ahalbidetzea, beti ere, balio hezitzaileetan oinarrituta; euskalduna izatea; aniztasunean bestea modu berdin eta parekide onartzea; ingurumen kulturala eta naturala zaintzea; eta komunitatea sarea egitea, auzolana eta zaintza bultzatuz".

Teoria lantzen aritu ondoren, lanketak zentzurik ez zuela ondorioztatu zuten elkarteko kideek, "ariketa horrek praktika eredugarri batzuetan lur hartzen ez bazuen". Iaz, erabaki zuten Euskal Herri mailako herri hezitzaileen sarea osatzea filosofia honetan sakondu nahi zuten udalerriekin. Gaur egun, 25 herrik osatzen dute sarea, horien artean Asteasuk eta hemendik aurrera Zizurkilek. "Gauzak elkarrekin eta modu kolektiboan egiten ditugunean,  sortzen diren sinergiekin denok aberasten gara", esan du Azpiazuk.

Urtebeteko hitzarmena

Iker Urruzola alkateak nabarmendu du Zizurkil herri bizia dela eta aurretik ere eragile askotan ari direla lanean herri hezitzailearen filosofiarekin: "Legealdia hasi zenean esan genuen herrigintzatik gentozela eta udalgintza herrigintza egiteko beste modu bat bezala ulertzen dugula. Kasu honetan, Herribizigune elkartetik eman ziguten Oinherriren berri eta uste dut sinbiosi ederra sortu dugula, herri hezitzailearen filosofiarekin eta lan egiteko moduarekin erabat egiten dugu bat".

Herri hezitzaileen egitasmoak lehendik ere lanean ari diren eragileei marko bat eskaintzeko helburuaz hitz egin du Azpiazuk. "Oinherri ez dator Zizurkilgo herrira egitasmoak sustatzera, lehendik ere egiten baitira eta balio ikaragarria baitute. Aterpe bat eskaini nahi diegu guk. Egitasmo horiek duten balio hezitzailean sakondu nahi dugu. Tokian tokiko prozesuak garatu behar direla uste dugu, bertakoek, bertakoentzat eta bertako baliabideekin". Honenbestez, elkarlan eta babesean oinarritzen den sarean partekatzen diren esperientziak jasoko dituzte Zizurkilen hurrengo urtebetean.

"Oinherritik hezkuntza ardura konpartitu gisa ulertzen dugu. Familia eta eskolaz harago, herria bera eremu hezitzaile bezala ulertzen dugu eta herritarrak eragile hezitzaile kontsideratzen ditugu. Hezkuntz ez baita haurtzarora mugatzen, gutako bakoitza, jaiotzen garenetik hiltzen garenera arte, hezigarriak eta aldi berean hezitzaileak galera ulertzen baitugu", esan du Azpiazuk. Herri hezitzaileak sustatzeko elkarteko kideak esan duenez, zaurgarrienak diren herritarrak erdigunean jarri eta komunitatea saretuz, gobernantza erdu berri eta irekiago bat eraikitzeko bidean urratsak eman nahi dituzte.

Udalak, hezkuntza formal eta ez formaleko elkarteek eta herrigintzako eragileek partekatzen dituzten espazioak identifikatuko ditu lehenik eta behin Oinherrik, egitasmoak nondik abiatu daitezkeen erabakitzeko. Urruzolak nabarmendu du dagoeneko Herribizigune elkarteak abian dituen hainbat proiektutan Oinherriko kideen ekarpena jasoko dela, haurren basoa ekimenean, adibidez. Horrekin batera, gazteekin egiten ari diren prozesu batean elkartearen aholkularitza txertatzeko aukera izango da eta indarkeria matxistaren kontrako protokoloaren diseinuan ere esku hartzea izango du Oinherrik.

Formazioan jarri du arreta Zizurkilgo alkateak: "Herrian kirol, kultur eta auzo elkarte asko dago. Uste dut, filosofia honen eta praktika honen ezagutza zabaldu behar dugula eta horretarako formazioa dela giltza. Udal teknikariek, zinegotziek eta eragileetako kideek, aipatutako oinarri horiek barneratu behar ditugu". Oporretan Euskaraz udaleku irekiak dira udalak sustatzen duen ekimen garrantzitsuenetako bat eta Urruzolak aurreratu du, bertan ariko diren eragileekin heziketa prozesu bat eramango dela, beti ere, herri hezitzailearen filosofian sakontzeko. 

Bere aldetik Oinherrik 2021. urteko lan ildoetan egiten ari den lanketa Zizurkilera karriko du. "Eskola kirolaren eraldaketa foro bat jarri dugu martxan, herriko antolamenduan haurren parte hartzea ari gara lantzen, nerabezaroaren kultura eta gazteekin parte hartzean sakondu nahi dugu sarean". Herri ezberdinetan egiten ari diren ekimenei balioa eman eta elkarrengandik ikasten jarraitzeko bidea da Oinherri herri hezitzaileak sustatzeko elkartean egiten dutena.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!