Herriko eragileek ibilaldi gidatu-antzeztua egingo dute igandean

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 19a, 15:59

Parte hartu nahi dutenek egunotan jaso beharko dute gonbidapena udal bulegoetan. Igandean, Joxe Arregi plazatik 10:30ean abiatuko da ibilaldia.

Maiatzaren 23an ibilbide gidatu-antzeztua egingo da herrian barrena. Joxe Arregi plazan emango zaio hasiera, Bukalai taldeko kideen dantzarekin.

Asteasuko bidegorrira abiatuko dira ibiltariak. Akezko errotan egingo dute lehen geldialdia. Pedro Mari Otaño ikastetxeko kideak egongo dira bertan, ekitalditxoa eskaintzeko. Akezko errota izango dute gai nagusi.

Bideari ekingo diote berriz ere, eta kanposantuan egingo dute hurrengo geldialdia. Unai Mendizabalen bertsoak izango dira entzungai bertan eta Mendizabal bera izango da ibilbideko gidari nagusia. Loatzoko trikitilariak gehituko dira hilerrian, udaletxe aurrerainoko bidea egiteko.

Zubimusu ikastolako kideak egongo dira udaletxe aurrean, Luzuriagako harriaren inguruko ekitalditxoa eskainiko dute. Handik, plazaraino joango dira parte hartzaileak eta han, San Millan ikastetxeko kideek Donemiliaga jauregiko familia izango dute aipagai.

Zizurkilgo herria hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du maiatzaren 23ko ibilbideak eta bertan parte hartzeko beharrezkoa izango da gonbidapenak eskuratzea. Udal bulegoetan daude eskuragarri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!