Elkarrizketa

«Talde kohesiorako mekanismo indartsua da umorea»

Jon Miranda Labaien 2021ko mai. 5a, 19:59

Ane Labaka Mayozek 'Algara mutilatuak' lanean emakumezkoen gorputzetan umorearen erauzketa nola ematen den ikertu du eta horretarako bidaide izan ditu ipuin kontalari, clown, aktore, gai jartzaile, bertsolari eta aktibista feministak

Umorea eraldaketarako arma politiko gisa baliatzea proposatu du Ane Labaka Mayozek (Lasarte-Oria, 1992) Lisipe bilduman kaleratu duen Algara mutilatuak liburuan. Metro erdika bultzatuz gero uste du umorea egiteko denontzako agertoki zabalago bat lortuko dugula.

Nola sortu zaizu liburu hau kaleratzeko aukera?

Duela urte batzuk hartu nuen ikergaitzat umorea. Ikasketa ezberdinak egin izan ditut eta master bukaerako lanak ardaztu ditut gai honen bueltan. Hasiera-hasieran ikergaia hautatu nuenean argi neukan zeharkatzen ninduten bi kontu uztartu nahi nituela, feminismoa eta bertsolaritza. Ohartu nintzen umorea zela gai bat aldiro aipatzen zena baina inork ez ziona behar bezalako arreta eskaintzen.

Oholtza gainean umorea probatzeko aukera izan duzu Beatriz Egiazabalekin batera.

Niretzako oso polita izan da. Bi bide paralelo egin ditut ikerketa hau egiten ari nintzen bitartean. Batetik, autore ezberdinak irakurtzen ari nintzen, inguruko ahotsak elkarrizketatzen eta nire marko teoriko propioa osatzen, eta aldi berean, hausnartutako horretan erreparatzeko aukera nuen, plazaz plaza, bai Beatrizekin egindako saioetan baita nire ohiko bertsotako jardunean ere. Abstraktutik kontretura, gaia lurrera ekartzen ari nintzen. Teoria eta praktikaren arteko sinergia polita izan da niretzat.

Ezaguna denaren gaineko juzgua dakar beti umoreak?

Bai. Umorearen ezaugarri garrantzitsuenetako bat erreferentzialtasuna da. Hartzailearen eta igorlearen arteko erreferentzia komunak behar ditu umoreak. Behar da kode konpartitu bat.

Umorea norabide ezberdinetan egin daitekeela diozu liburuan. Zein norabidetan?

Azpimarratu nahi nuen ideia da umorea boterea dela eta horrekin lotuta noranzko ezberdinetan sortu daitekeela. Hiru talaia bereizi ditut: historikoki gehien egin izan dena, goitik beherakoa, boteredunak azpiratuaren inguruan egiten duena; behetik gorakoa, azpian dagoen horrek bere zauriak sendatzeko eta kontrabotere gisa goiko horri buruz egiten duen umorea; eta hirugarren bat, niri interesgarriena egiten zaidana, parez parekoa deitu diodana. Bertsotan, adibidez, bilatzen dugu askotan umorearen subjektuak objektuarekin parez pareko harreman bat izan dezan, norberak bere buruari buruzko erreferentziak erabilita. Modu horretara, norbere buruari barre eginez konektatzen du publikoarekin. Barrutik kanporanzko umorea litzateke.

Umorea zer da feministontzat, katartikoa, sendatzailea, subertsiboa?

Umoreak askotan zaurgarri bihurtzen gaituzten egoera batzuei buruz hitz egiteko balio digu. Zauri horiek sendatzeko, talde kohesiorako mekanismo indartsua da. Bestearenganako labana baino norberarekiko ukendua bihurtzen da maiz.

Horrela bizi izan duzu zuk bertso munduan?

Gaztetan sariketa edo eskolarteko txapelketetan askotan goraipatzen zitzaidan heldutasun bat, diskurtsoak garatzeko gaitasun bat. Seriotik aritzeko kapazitatea txalotzen zitzaidan. Aldi berean, inork ez zidan esaten bertsolaritzan hainbeste estimatzen den zirtoan edo umorean ona nintzenik. Hainbestetan errepikatzen dizute gauza bera, pixkana ulertzen duzula hori ez dela zuri dagokizun esparrua, ez zarela behin ere trebea izango umorean. Ni neroni hori sinestera iritsi nintzen eta horregatik erabiltzen dut mutilazio hitza, sinbolikoki umorearen erauzketa bat ematen delako. Ikuspegia erabat aldatu zitzaidan emakume bertsolariekin plazak konpartitzen hasi nintzenean. Ez da kasualitatea eta antzerako bertso saioak eta Ahalduntze Bertso Eskola oso lagungarri egin zitzaizkidan. Aurkikuntza bat izan zen ikustea umoreak zenbaterainoko lekua hartzen zuen saio horietan. Zer pentsatua eman zidan horrek: geure artean, espazio seguru eta eroso batean geundenean, umorerako joera geneukan, eta are, umorez aritzeko beharra ere sentitzen genuen eta alderantziz hortik kanpoko guneetan ez zitzaigun horrelakorik sortzen. Dena den, urteak aurrera joan ahala, ahalegin bat egin dugu emakumeon umore printza horiek plaza hegemonikoagoetara eramaten.

Hitzak falta zaizkie emakumeei zenbait errealitate izendatzeko?

Bai. Nik uste bi kontu daudela. Umoreak askotan balio du gauzak desdramatizatzeko, baina emakumezkoen gorputzekin loturiko zenbait konturi ez zaie garrantzirik ematen, eta hortaz, zaila da garrantzia ematen ez zaion horri garrantzia kentzea edo hori umoregai bihurtzea. Bestetik, gustatzen zait aipatzea umorean badagoela, jurisprudentzian bezala, aurrekariaren ideia. Umorea ez da hutsetik sortzen, abiatzen da beti aurrez mugiarazi gaituen zerbaiten gainean eta aldiro kode hori osatzen joaten da. Umorerako gai batzuk edo hitz konkretu batzuk aipatzen badira, Maialen Lujanbiok aipu batean esaten duen bezala, txokanteak egiten zaizkio pulikoari beste ezer baino gehiago. Agian harridura sortzen dio publikoari, baina ez da umore gisa ulertzen. Ausardia eta ahalegin bat aitortzen zaio bertsolariari gai hori plazaratzeagatik, baina jendeak ez du umore kodean entenditzen.

Lan kreatibo bat dago egiteko.

Bai. Uste dut une honetan hor gaudela kokatuta. Mutilazio horretaz hitz egin beharrean, zein zapalkuntzak zeharkatzen gaituzten detektatzen hainbeste zentratu beharrean, ahalduntzearen bidea hartu dugu egoerari buelta emateko. Elkarren artean saretzen, elkarrekin kantatzen, esperimentatzen eta jolasten ari gara. Bilaketa horretan, jarrera aktibo batean ari gara.

Jarraitzen ari al zara Harituz bertsozaleen elkargunetik zirtoaren inguruan egiten ari diren lanketa?

Bai. Azken urteetan obsesio txiki bihurtu da gaia eta umorea hizpide duten ikerketa guztiak gertutik jarraitzen ditut. Kasu honetan, adi nago eta gogotsu ikerketa horrek zer emango duen jakiteko. Bilketa lan bat egiten ari dira eta aipatzen dute kostatzen ari zaiela emakume zirtolariak topatzea. Espazio banaketarekin dago lotuta; emakumeak beraien artean eta sukalde txoko batean umorea asko baliatu izan dute, baina gero espazio publikorako saltoan, ez dute zilegitasun hori izan, gizarteak ez dielako aitortu. 

SOLASALDIA, BIHAR, PLAZIDA OTAÑON

Bihar, Aiztondoko Plazida Otaño liburutegiko euskarazko literatura solasaldian aztertuko dute Algara mutilatuak liburua, egilea bertan dela. Oihana Iguaran amasarrak dinamizatuko du saioa eta horrela jardun du lasartearraren lanaz: «Lotsatik eta disimulatu beharretik hasi eta gure umorea deskubritzeraino bidelagun izan dut Ane. Atzean ezkutatzen den egitura bistaratzen egin duen lanagatik eskerrak eman nahi dizkiot».

Labakak herriz herri liburua aurkeztu eta jendearekin solasaldiak izan nahi ditu aurrerantzean: «Liburua galdera batzuetarako abiapuntua da, hari mutur batzuk utzi nahi nituen norbaitek tira egin ziezaien». Eztabaidarako aukera izango da, bihar, Zizurkilen, 18:00etan.

Barre egiteagatik, Plazida zikin ezizena esaten zioten Plazida Otañori. «Merezi du hari barrea itzultzea», esan du Iguaranek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!