"Baiezkorik gabe, eraso bat da"

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 27a, 07:59

Zizurkildar ugarik egin dute bat Aiztondoko mugimendu feministak deitutako elkarretaratzearekin; "haserre" daudela, baina aldi berean, "saretuta egotea baina sendagai hoberik ez dagoela" adierazi dute.

Aiztondoko Mugimendu Feministak eta Aiztondoko Neska Gazteek deituta, dozenaka herritar elkartu dira, Zizurkilgo herriguneko Pello Mari Otaño plazan, apirilaren 18an herrian gertatutako indarkeria matxista kasua "irmoki" eta "ozen" salatzeko. "Gaurkoan gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu erasotua izan den emakumeari".

Elkarretaratzearen amaieran, "haserre" daudela adierazi dute plazan bildutako emakumeek. "Erasoa da gure hitza zalantzan jartzea, erasoa da botere harremanak zalantzan jartzea, parranda espazioak maskulinizatzea, konplize izatea, esajeratu egiten dugula behin eta berriz errepikatzea. Argi gera dadila: baiezkorik gabe, eraso bat da. Eraso hauen aurrean jarrera matxistak justifikatzen ari dira, justifikatzen ari zarete. Eta aldi berean, horren aurrean altxatzen garen emakumeak gutxiesten".

Haserre bai, baina bakarrik ez daudela ere azaldu dute. "Saretuta gaude. Ikasia dugu zauriez osatzeko elkarren arteko goxotasuna baina sendagai hoberik ez dagoela. Geroz eta gehiago gara, geroz eta indartsuagoak. Bakarrik ezin diogu zapaltzen gaituen sistema arrotz honi aurre egin, baina gure arteko aliantzak estutzen ditugunean dantzatuko dugu haien gainean, erasotzaile guztien gainean. Saretuta bagaude, ez dago gu gelditzerik", aldarrikatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!