Uemako kide izatea erabaki du Zizurkilgo Udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 27a, 09:57

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 90. kidea izango da Zizurkil. Osoko bilkuran EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta PSE-EEko zinegotziaren kontrako botoarekin hartu dute erabakia.

2016an argitaratutako datuen arabera, euskaldunak %72,6 dira Zizurkilen. Oro har euskaraz bizi dira bertan, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala beheranzko joera islatzen dute azken urteotako datuek: 2011tik (%76) 2016ra (%72,6), esaterako, 3,4 puntu egin zuen behera euskaldunen indizeak. Uemako kide izanda, egoera iraultzeko eta euskararen biziberritzeari hizkuntza politika sendo eta bateratuekin ekiteko asmoa adierazi du Zizurkilgo Udalak.

 

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak maiatzaren 29an egingo du hurrengo batzar nagusia eta, besteak beste, orduan onartuko ditu udal berrien eskaerak. Orduan aztertuko ditu martxoan erabaki bera hartu zuen Amasa-Villabonako Udalaren eskaera eta Zizurkilgo Udalarena. Batzar nagusiak Amasa-Villabona eta Zizurkil Uemako kide izatea onartzen duenean, Tolosaldeko 28 herrietatik 18 izango dira mankomunitateko parte. 88 udalek osatzen dute gaur egun Uema, eta maiatzeko batzar nagusiaren ondoren, gure eskualdeko bi herriak batuko zaizkio mankomunitateari, 90eko kopurua osatuz.

 

Euskara nagusi den lurgunea erabat euskalduntzeaz gain, lurgune euskalduna zabaltzea ere bada Uemaren helburu. Bide horretan laguntzeko hainbat baliabide eskaintzen dizkie mankomunitateak udalei. Horrez gain, eta erakunde mailatik haratago, herritarrentzako nahiz merkatarientzako zerbitzu eta baliabide ezberdinak ere eskaintzen ditu: errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainak, diru-laguntzen tramitazioa, euskararen transmisioari lotutako baliabideak, iritsi berriak euskalduntzeko kanpainak, neurketa soziolinguistikoak, merkatariei zuzendutako itzulpen lanak, euskarari lotutako baliabideak eskura jartzea eta abar luze bat.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!