Itaiak elkarretaratzea egingo du bihar, indarkeria matxista salatzeko

Ataria 2021eko apirilaren 23a

Itaiak abenduan egindako elkarretaratzen baten artxiboko irudia.

Emakume Sozialisten Sareak egin du deia. 13:00etan elkartuko dira Zizurkilgo Joxe Arregi plazan pasa den asteburuan Zizurkilen izandako erasoa salatzeko.

"Emakume langileon aurkako erasoak eguneroko ogia dira bizi dugun errealitate sozialean eta horrela berresten du azken eraso honek, zein egunerokoan albiste diren beste hainbestek", esan dute Itaiatik. "Etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa duen ideologia matxistak, biolentzia matxistaren testuingurua du ondorio eta egoera horretan, norma kultural bilakatzen da emakumeok zapalkuntza forma anitzak pairatzea", gehitu du. Emakume langileen egoera "zaurgarriaz" baliatuz erasoak etengabeak direla esan du sareak eta horrelako jarrerak ezkutatzea edota halako gertaeren aurrean gaitzespenik ez adieraztea erasotzaileen alde lerratzea dela esan du, "indarkeria matxista legitimatzea" eta "betikotzea" dela gehituz.

Tolosaldeko Itaiak indarkeria matxista gainditzeko erantzun eraginkorrak garatzea ezinbestekoa dela uste du, eta horretarako "erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatu eta egoera horietatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomiko eta sozialak garatu" behar direla uste du. Itaiak bide horretan "gaitasun politikoak" antolatzen jarraituko duela esan du.

Elkarretaratzea bihar izango da, 13:00etan, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan ; "argi utziko dugu eraso oro gaitzetsi eta seinalatuko dugula, eta indarkeria matxista gainditzera bidean lan egiten jarraituko dugula".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!