Zizurkilen indarkeria matxista kasu bat izan dela jakinarazi du udalak

Ataria 2021eko apirilaren 21a

Joan den apirilaren 18an gizonezko batek emakumezko bati eraso egin zion Zizurkilen. Udalak adierazpen bat kaleratu du sexu eraso guztien aurkako jarrera berretsiz.

Zizurkilgo Udalak herrian izan den indarkeria matxista kasu baten berri jaso ondoren adierazpen bat kaleratu du. Jakinarazi duenez, joan den apirilaren 18an izan zen erasoa. "Ikerketak eta justiziak bere bidea egingo du, eta udalak horren jarraipena egingo du", adierazi dute udal ordezkariek.

Gertakari honen aurrean sexu eraso guztien aurkako jarrera berretsi nahi izan du udalak eta babes osoa adierazi dio erasoa salatu duen emakumeari. "Emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza".

Zizurkilgo Udalak, beste behin, indarkeria matxistarik gabeko herri baten aldeko konpromisoa azaldu du eta jakinarazi du norabide horretan lanean jarraituko duela: "Konpromiso irmoa dugu herrian indarkeria matxistaren aurkako protokolo orokorra sortzeko, osasun baldintzak horretarako aukera eman bezain pronto".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!