Eva Garciak (Donostia, 1966) 2011n argitaratu zuen Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak ikerketa lana, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren beka bati esker, eta orain gaztelaniaz plazaratu du lana —Mujeres de barro, infancias de cristal—, orduko informazioa zabalduta eta lekukotza gehiago bilduta. 1903tik, Gipuzkoako ume abandonatuak nahiz ama ezkongabeak hartu zituen mende batez Zizurkilgo Fraisoro sehaska etxeak, eta liburuaren hitzaurrean irakurleari azpimarratu nahi izan dio “gizartea bera” izan zela emakume eta haur haiei bizkarra eman ziena, eta erakundeetan aurkitu zutela babesa.
Zer testuingurutan sortu zuen foru aldundiak sehaska etxea?
Gipuzkoan XIX. mende hasieratik probintziako bost barruti judizialetan tornu bat zeukaten umeak modu anonimoan lagatzeko. Erakundearen helburua zen haur horiek lehenbailehen inude baten esku uztea. Gaixotasun kutsakorren eta osasun bermerik ezaren ondorioz, inudeen langintza oso marjinala zen garai hartan, eta, haur abandonatuen heriotza tasa, izugarria.
XIX. mendearen amaieran, bi egoera batu ziren: diputazioko politikari batzuk medikuak izatea, eta Aurrezki Kutxa Probintziala sortzea eta irabazien zati bat gizarte egitasmoetara bideratzea. Horri esker zabaldu zuten, 1903an, sehaska etxea Zizurkilen. Hasierako egitekoa zen tornuetan eta leku publikoetan abandonatutako haurrei babesa eta mediku arreta ematea. Baina 1913tik aurrera, haurdunaldia ezkutatu nahi zuten ezkongabeei ere harrera egin zieten, erditze seguru, anonimo eta doakoa eskainiz, eta haurra erakundean berme jakin batzuen pean uzteko aukera emanez.
12.000 haur eta 3.500 ama inguru pasatu ziren etxe hartatik.
Bai, kopuru handiak dira biak. Haur horietako asko Gipuzkoako familietan kokatu ziren. Mende hasieran, inudeen etxeetan. 1950az geroztik, fabrikako ama-esnearen (edo esne maternizatua-ren) emaitza onei esker, haur horiek seme-alabarik gabeko ezkontideei esleitu zizkieten. 1932an diru laguntzak ezarri zituzten beren haurra atxiki nahi zuten amentzat, eta, pixkanaka, gero eta gehiago izan ziren erakundea [Fraisoro] amarekin utzi zuten haurrak; %50,36. Erakundearen egitura eta lan egiteko prozedurak aztertzen ditu liburuak, eta haur eta ama haiek pasatutako hainbat egoera ere jasotzen ditu, testigantzen bidez.