Sokadantza Emakumeen Nazioarteko Egunari

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 8a, 19:58

Zizurkilgo Bukalai dantza taldeak sokadantza berezia prestatu du. Asmoa da datozen urteetan "herriko emakumeak eskutik helduta eta aurpegietara begiratzen" dantzatzea.

Sokadantza berezia eskaini dute aurtengo Martxoaren 8an Bukalai dantza taldeko dantzariek, eta dantzan.eus atariaren bidez zabaldu dute. "COVID-19ak eragindako itxialdiaren atarian, atzeratzea erabaki ostean eta oraindik ezohiko egoeran egonda ere, aurten aurrera egitea erabaki dute taldeko arduradunek. Maskarak jantzita eta distantziak mantentzeko sokak baliatuta, jenderik gabeko plazan ari dira irudiotan; datozen urteetan, baina, herriko emakumeak eskutik helduta eta aurpegietara begiratzen dantzatzeko asmotan dira", esan du atariak.

Doinuen hautaketa eta egitura koreografikoaz arduratu da Itziar Otamendi dantzaria, eta Rosi Lazkanok egin ditu bertsoak. Hiru doinurekin osatu dute: lehena, Zizurkilgo udaletxeko kontzejupetik plazara sartzeko hautatutakoa da, Eñaut Agirrek Oiartzungo bertsolari bati jasotakoa hain zuzen, Eñautek berak eta bere anaia Unai Agirrek Txuringaingo Errota bertsoaldiarekin kantuan plazaratzen dutena.  Bigarren zatian Joseba Tapiak, Real Politik diskan, Bilintxen bertso batzuei jarritako Soldadu sartzea doinuarekin atondu dute. Eta azken doinua, berriz, Iturengo arotza doinu herrikoiarekin osatu dute.

Bertsoak

Pauso txikian baino
aurrera-aurrera.
Mugimenduak poza
dakar gorputzera.
Trapu zikinak eta
garbiak atera!
Nor geran zer nahi degun,
gatoz esatera.

Betez etxe lantegi
kale eta Plaza.
Guk nahi degun erara
eta gure kasa (BIS)


Esku batek bestean
ximurrak igurtzi.
Izana ez dute nahi
esan gabe utzi.
Orain igual da Leire
l(eh)en igual Tiburtxi.
Soka dantza ba dabil,
kantu ta irrintzi.


Betez etxe lantegi
kale eta plaza
Guk nahi degun erara
eta gure kasa (BIS)


Belarra jorratuta,
artoa sasira,
hazia erein edo
eraman bizira.
Nahiz ispiluak gorde
barrengo dizdira,
dakit zer bai eta zer
ez dedan desira.


Bizi-poza ba degu
barruan gordea,
aurpegitikan kendu
lotsa kolorea.
Gerana onartzea
azkozaz hobea
eta praktikan jarri
degun umorea.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!