BABESTUTAKO EDUKIA

«Proaktibitatea, ekimena izatea, arazoen ebazpena eta erantzukizunak lantzen ditugu»

Mondragon Unibertsitatea 2021ko mar. 8a, 09:58

Maria Lasa (Zizurkil, 23 urte) Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzako gradu duala ikasten ari da. Bigarren mailan ari da, Bidasoako campusean, Irunen.

Definitu apur bat zeure burua. Non egin dituzu orain arteko ikasketak? Baduzu hobby edo zaletasunik?

DBH Erniobea BHIn eta Batxilergoa Orixen egin eta gero, ez neukan argi zer ikasi nahi nuen eta, azkenean, informatika gradua ikastera animatu nintzen EHUn. Urte eta erdi egin eta gero, hura utzi eta Administrazioa eta Finantzako goi-maila bat ikasten hasi nintzen Tolosaldea LHII institutuan. Egian esan, oso pozik. Esperientzia hori oso motza egin zitzaidanez eta gehiago ikasi nahi nuenez, gradu bat ikastera animatu nintzen.

Zaletasunei dagokionez, musika jotzea maite dut. Zortzi urte nituenetik trikitia eta panderoa jotzen dut eta egun, pianoa jotzen ikasten nabil. Trikitia eta panderoarekin harat eta honat ibili naiz, talde desberdinekin joaz. Gaur egun, Neomak taldean nabil, Kepa Junkeraren Sorginak taldeko zazpi lagunek osatua.

Zergatik aukeratu zenuen myGADE gradua? Eta zergatik Mondragon Unibertsitatea?

Argi neukan ikasten nuen bitartean lan egin nahi nuela eta horregatik jo nuen Mondragon Unibertsitatera. Gainera, esan beharra daukat unibertsitate bakarra dela Gipuzkoan (eta estatu osoan) Administrazio eta Enpresa Zuzendaritza gradua dual ereduan lehenengo urtetik eskaintzen duena. Era berean, Mondragon Unibertsitateak erabiltzen duen metodologiak ere asko erakartzen ninduen.

Nola baloratuko zenuke orain arteko esperientzia?

Orain arteko esperientzia oso aberasgarria izan da. Alde batetik, dual ereduak ematen didan guztiagatik eta bestalde, unibertsitatean garaturiko proiektu bakoitzean ikasitako guztiagatik. 

Nola definituko zenuke Enpresagintza fakultatean jasotzen duzun ikasteko metodologia?

Metodologia oso parte hartzailea, work based methodology delakoan oinarritzen dena. Proaktibitatea, ekimena izatea, arazoen ebazpena eta erantzukizunak hartzea lantzen dira metodologia honetan.

Lanean ari zara ikasten duzuen bitartean, Dual ereduan. Non ari zara jardunean eta zer lan mota egiten duzu?

Egun, Errenterian kokaturik dagoen ZB Group izeneko enpresan nabil Dual ereduan lanean. Irailean hasi nintzen bertan eta administrazio eta finantzako lanak burutzen ari naiz. 

Zer-nolako ekarpena egiten dizu eredu dualak?

Eredu dualak ikasgelan ikusitakoa praktikan jartzeko aukera eman dit. Gainera, gaur egun lan askotan esperientzia eskatzen dute eta beraz, eredu honek asko laguntzen du horretan. Izan ere, gradua amaitzerakoan hiru urteko esperientzia edukiko dut.

Atzerriko esperientziarik izango duzu? Non? Nolakoa izango dela esan dizute?
Gradu osoan zehar daude atzerriko esperientziak antolatuta. Adibidez, lehengo urtean Londresera joateko aukera izan nuen eta oso esperientzia aberasgarria izan zen. Enpresa desberdinen hitzaldiak eduki genituen eta noski, Londres ezagutzeko aukera ere izan genuen. Aurtengorako ere atzerriko esperientzia dago antolatuta, baina ez dakit pandemiak utziko digun. 

Etorkizunari buruz zeintzuk dira zure asmoak?
Lehenik, gradua bukatzea da nire asmoa eta orain bezala, lan munduan jarraitzea; posible bada kontabilitate eta finantza arloan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!