Zizurkilgo Udalak herriko emakumeek jasan dezaketen indarkeria matxistaren aurka erantzun "irmo eta koordinatu" bat eman ahal izateko protokolo bat egingo du, herriko mugimendu feministarekin batera. Adierazpen instituzionala onartu eta gero hartutako konpromisoetako bat da. Gainera, udalak aurrera eramaten dituen proiektu zein ekintza guztietan genero ikuspegia txertatzea erabaki du, "modu honetan kolektibo zaurgarrienak erdigunean kokatuz".
Une honetan herrian dauden kolektibo eta pertsona ahulenen egoera eta beharrak aztertu eta identifikatuko ditu udalak. "Bakarrik bizi diren adinekoak, guraso bakarreko amak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta haurrak, kalean dauden pertsonak, familia eremuko zaintzaileak, emakume langabeak... tokiko eragile sozialen parte hartzea bermatuko da azterketa horretan, bereziki emakume eta feministena".
Errealitate hori identifikatu ondoren, premiazko ekintzak zehaztuko ditu udalak eta plangintza batean jasoko ditu, baliabideak, kronograma eta arduradunak zehaztuz. Zizurkilgo Udalaren asmoa da kolektibo zaurgarriei arreta emateko eredua eta funtzionamendua berrikustea, "emandako zerbitzuen funtzionamendua eta edukia zabaltzeko, ikuspegi feminista eta ahalduntze ikuspegitik". Aldi berean, premia horiei behar bezala erantzungo dieten zerbitzuak eta baliabideak identifikatzea eta abian jartzea erabaki du udalak: "Adinekoei jarraipen zuzena egitea, etxez etxeko laguntza zerbitzua indartu eta egokitzea, zainketekin lotutako erabilera komunitariorako udal espazioak egokitzea, indarkeria matxistaren biktimentzako baliabide berriak ezartzea, ezohiko diru laguntzak ematea... ". Udalak zaintzaileen baldintzak duintzeko ekintza informatiboak egitea erabaki du, aholkularitza emanez eta eredu kooperatiboak bultzatzeko bideak aztertuz.
Adierazpen instituzionala onartuta, emakume, nerabe eta neskatoen ahalduntze indibidual eta kolektiborako ekintzak bultzatzeko konpromisoa hartu du udalak eta herriko emakumeen ehun soziala indartzekoa, "premisa feministetatik eta ahalduntze ikuspegitik". Norabide horretan, emakume zein kolektibo feministek herriko jardueretan parte hatzeko bideak irekiko dira, "hasi diseinutik eta ebaluazioraino, euren iritzia kontuan hartuz".
Hemen irakurri daiteke adierazpena osorik.