Ostalarien aldeko eta Saharar herriari elkartasuna adierazteko mozioak onartu dituzte

Ataria 2021eko otsailaren 22a

Zizurkilgo Udalak SOS Ostalaritza elkarteak aurkeztutako mozioa onartu zuen ere.

EH Bildu eta PSOEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin, ostalaritzaren inguruko mozioa onartu zuten Zizurkilgo azken osoko bilkuran. COVID-19aren ondorioz, Espainiako gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak agindutako ostalaritzaren itxierak direla eta, ekonomiaren sektore hori jasaten ari den egoera larriari irtenbide egokia emateko neurriak har ditzaten eskatu die bi erakundeei Zizurkilgo Udalak.

Zehazkiago esateko, martxoaren 14az geroztik, atzera eraginarekin, Gipuzkoako ostalaritzako autonomoei hileroko gutxieneko soldata aitortzea eskatu dute mozioaren bitartez eta berori bideratzeko beharrezko diren izapideak burutzea.

Mendebaldeko Saharari elkartasuna

EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin Sahararko Errepublika Arabiar Demokratikoari elkartasuna adierazteko mozioa onartu zuten otsaileko osoko bilkuran. Otsailaren 27an, erakundeek herri honi ematen dioten babesa erakusteko, Saharako bandera udaletxeko balkoian zintzilikatuko dute Zizurkilen, keinu sinboliko gisa.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!