Zizurkilgo Udalak 3,5 milioi euroko aurrekontua onartu du

Jon Miranda Labaien 2021ko ots. 16a, 07:59

Iaz baino 65.000 euro gehiago bideratuko dituzte inbertsioetara, eta besteak beste, Bulandegi bideko irisgarritasun plana gauzatu eta herriko gune batzuk egokituko dituzte

Otsailaren 10ean egindako osoko bilkuran 3.533.230 euroko aurrekontua onartu zuen Zizurkilgo Udalak, udalbatza osatzen duten EH Bildu eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Iaz baino 160.860 euro gehiago izango dira eta diru horren zati bat inbertsioen atalera bideratuko dute. 2020an baino 65.000 euro gehiago erabiliko da inbertsioetara, pandemiak baldintzatutako urtean egin gabe geratu ziren hainbat proiektu berreskuratu eta berriak egingo dira. Iker Urruzola alkatearen hitzetan, zerrenda luzea prestatu dute inbertsioen atalerako: «Nahiago ditugu gauza txiki asko egin, gauza handi bakar bat egin baino. Gertuko inbertsioak, txikiak eta herritarrentzat erabilgarriak direnak egingo ditugu aurten».

Iaz apustu berezia egin zuen udalak Plaza Etxeberri eraikina erosita. Aurten kitatuko dute erosketaren zorra, eta azken ordainketa horrek, aurrerantzean inbertsio berriak egitea ahalbidetuko duela uste du Urruzolak. Dena den, 2011tik hona udal gobernuan egon diren taldeek zorra gutxitzeko egin duten ahalegina nabarmendu nahi izan du alkateak: «Bildu udaletxera iritsi zen garaian 3 milioi euroko zorra zuen udalak, %100eko zorpetzea, eta azken 8-9 urteetan kopuru hori jaistea lortu dugu, inbertsioak egiteari utzi gabe. 2021ean ere filosofia horrekin jarraituko dugu, eta zorpetzea %20aren bueltan mantentzen saiatuko gara».

Plaza Etxeberri eraikinaren etorkizunaz erabakitzeko udalak parte hartze batzorde bat sortu zuen iaz, Herribizigune elkarteak dinamizatzen duena. Orain arte batzorde horrek eman dituen pausoak «oso modu positiboan» ikusten ditu alkateak eta herrigintzan aritzen diren elkarteekin elkarlanean aritzeko konpromisoa agertu du. «Hori da gure bidea, gobernantza partekatu bat bultzatu nahi dugu».

Parte hartzearekiko udalak duen konpromiso horren erakusgarri da, Herribizigune elkarteak garatu asmo duen Haurren basoa proiekturako aurrekontuan jaso dituen 5.000 euroak. Udalak lagunduko dituen ekimenen artean, adibidez, Ombuaren itzala filma dago. Auzolanean garatu nahi den proiekturako 15.000 euro bideratuko ditu. Eta udal gobernuaren zehar-lerro garrantzitsuenetako bat euskara izanik Tolosaldeko Euskararen Mahaia laguntzeko 4.500 euro emango ditu Zizurkilgo Udalak 2021ean.

PAREKIDETASUNA ARDATZ

2019ko udal hauteskundeetan EH Bilduk aurkeztutako programaren ardatzetako bat generoen arteko berdintasuna izan zen. Lanketa horretan aurrera urratsa emango dute aurten eta 9.000 euro bideratuko dituzte, formazio saio batzuen bitartez, parekidetasunaren ikuspegia arlo ezberdinetan txertatzeko. «Gabeziak badauzkagu arlo honetan eta ikasteko jaioak garenez ahalegin bat egingo dugu formazio saio hauek ahalik eta gehien zabaltzeko, udal langile, politikari, herriko talde eta eragileetara. Guretzat, aurrera begira instrumentu bat izan behar du horrek, gauzak beste era batera egiten hasteko», esan du Urruzolak.

Herriko merkataritza laguntzea da Zizurkilgo Udalaren beste lehentasunetako bat. Sail honetara bideratutako aurrekontua bikoiztu egingo du aurten eta pandemiak bertan behera utzitako ekimenak berreskuratuko dituzte. Iazko otsailean Bi xexto zozketa arrakastatsua izan zen eta alkatearen hitzetan horrelako beste ekimen gehiago asmatzen saiatuko dira, zizurkildarrek bertako saltokietan erosketak egiteko ohitura berreskura dezaten.

INBERTSIO ZERRENDA LUZEA

COVID-19ak eragindako pandemiak guztion bizitza baldintzatu du 2020an eta egoera berrira egokitzeko ahalegina egin behar izan du Zizurkilgo Udalak. Besteak beste, udal eraikin batzuk egokitzeko inbertsioak egin asmo ditu datozen hilabete hauetan. Atxulondo kultur etxeko bigarren solairuko zenbait espazio ez dira behar bezala aireztatzen eta egoera hori zuzentzeko leihatea egokituko dute. Liburutegi ondoan dagoen eta orain erabiltzen ez den espazioa ere birmoldatuko dute, egoera honetan sortu diren beharrei erantzun ahal izateko.

Inbertsioen atalean, ordea, zati handi bat Bulandegi bideko irisgarritasun planaren egikaritzeak eramango du; 135.000 euro bideratuko dituzte lan horietara. Bide batez, herriko Udaltzaingoak iaz egin zuen azterketari jarraituz, trafikoaren seinalizazioaren pintaketa egiteko 15.000 euro erabiliko dira aurten. Aspaldiko asmo bat ere berreskuratuko dutela aipatu du alkateak, udal eraikinetan piktogramak jartzearena: «Modu horretara, behar bereziak dituztenentzat irisgarriagoak egin nahi ditugu herriko espazioak».

Espazio horietako batzuk dira herriko ikastetxeak eta aspaldiko eskaerari erantzunez, Herriguneko San Millan eskolaren aterian estalpe bat jartzeko konpromisoa hartu du udalak. Aldi berean, Pedro Mari Otaño herri eskolako teilatua ere konpondu beharra dago eta lan horiei ekin nahi diete aurten. «Teilatu horretan eguzki plakak jarriko ditugu. Iaz argiterian aldaketak egin genituen herriko zenbait puntutan, tartean Intxaur frontoian, eta kontsumo arduratsu baten eta energia berriztagarrien alde pauso gehiago eman nahi ditugu 2021ean», adierazi du Urruzolak.

Gainerakoan, herri bideak konpontzen 40.000 euro erabiliko ditu udalak aurten eta 5.000na euro gastatuko ditu Danena futbol zelaiko aparkalekuko zorua berritzen, Bulandegi bidean haur parkea eraikitzen, auzo-konpostaren gunea egokitzen eta Herrigunerako transformadore elektriko berrirako ekarpena egiten. Udalak, bestalde, Azken Portu auzoko lur sail baten azterketa egin nahi du, eremu horri zein erabilera eman diezaioketen ikusteko. Azterketarako 30.000 euro aurreikusi dituzte. «Gauza txiki asko, baina erabilgarriak egingo ditugu», azpimarratu du alkateak.

GAKOAK

Herriko guneen egokitzea. COVID-19ak hainbat espazioren egokitzapena eskatzen du. Besteak beste, Atxulondo kultur etxean hobekuntzak egiteko 15.000 euro erabiliko ditu udalak.

Irisgarritasuna. Bulandegi bideko irisgarritasun planari jarraituz, lanak hasiko dituzte aurten. 135.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute horretarako.

Plaza Etxeberri. Iaz erositako eraikinaren azken ordainketa egingo du udalak (100.000 euro) eta etxearen etorkizunaz erabakitzeko parte hartze batzordean jarraituko du lanean.

Ekimen herritarrak. Herrigintzatik datozen hainbat proiektu laguntzeko konpromisoa hartu du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!