Egia itzaletik ateratzeko eskatu dute Joxe Arregiren heriotzaren 40. urtemugan

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 13a, 14:30

Gaur bete dira 40 urte Joxe Arregi zizurkildarra poliziak eragindako torturaren ondorioz hil zenetik; hura oroitzeko ekitaldia egin dute eguerdian, Zizurkilen.

40 urte igaro dira Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra otsailaren 13an hil zenetik poliziak eragindako torturen ondorioz. Urtero bezala, gaur eguerdian egin dute hura oroitzeko ekitaldia izen bera daraman Zizurkilgo plazan, Egiari Zor fundazioak antolatuta. 

Giza eskubideen urraketa jasan duten biktima guztiak oroitu dituzte, eta beren eskubideak aldarrikatu. "Oso latza izan da", halaxe deskribatu zuen Arregik, eta halaxe ipini dute agerraldia egin duten oholtzaren atzealdean, Arregiren argazkiarekin batera. "Esaldi horrek milaka euskal herritarrek pairatu duten basakeria horren gordintasuna oso ondo deskribatzen du, ez bakarrik jasandako min fisiko eta psikologiko izugarria agerian uzten duelako, baita tortura praktikatu duten zigorgabetasun osoa ere oso latza izan delako", esan dute.

Aitortzari arreta berezia eskaini diote: "Gutxienez, 5.657 dira dagoeneko egiaztatuta dauden tortura kasuak. Estatuak eta bere aparatuek milaka herritar torturatu badituzte ere, kasu gehien-gehienak gutxietsi eta isilarazi dituzte, horrela, biktimen oinazea biderkatuz".

Zuzeneko musikaz lagunduta egin dute ekitaldia, eta tartean, Urtza Alkorta eta Jon Patxi Arratibelek hartu dute hitza, polizia indarkeriaren biktimak dira biak. "14 dira Euskal Herrian torturak kendutako bizitzak, baina pertsona horietako batek ere ez du oraindik aitorpen ofizialik lortu inongo erakundeen eskutik", esan du Alkortak. Joxe Arregirekin batera, gainerako torturatuen izenak ere zerrendatu ditu: Mercedes Antxeta, Vicente Lertxundi, Manuel Thomas Gomes, José María Quesada, Javier Escalada, Antonio Goñi, Juan José Munduate, Alfredo Valcárcel, Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Juan Calvo, Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro.

Heriotza horien eskubide urraketak aitortu gabe etorkizuneko elkarbizitza demokratikoa eraikitzea ezinezkoa dela esan du Alkortak. "Tortura giza eskubideen urraketa larria da, beraz, torturaren biktimek eta torturapean bizia galdu duten pertsonek tokia behar dute izan herri honek bizi izandakoaren memoriaren liburuan", zehaztu du. 

Horregatik, tortura kasuak ikertzen eta argitzen jarraitu beharra dagoela aldarrikatu dute, baina esan dute, baita ere argitu beharra dagoela tortura horiek posible izan zitezen baldintzak sortu zituztenen erantzukizun politikoa zein izan zen.

"Biktimak aitortzeko eta dagokionak erantzukizuna norbere gain hartzeko ordua iritsi da", esan du Arratibelek. "Aberrazioa pairatu genuenoi zor zaigu egia, errekonozimendua eta erreparazioa". Etorkizuneko bakea eraikitzeko, ezinbestean iraganean gertatutakoaren inguruan jardun behar dela ere gaineratu du: "Sinetsita gaude hamarkadetan bizitzako biolentzia bortitzak eragindako tragediaren memoria dela horrelakorik ez errepikatzeko bermea".

Ekitaldiarekin amaitzeko, lore eskaintza egin diote Maribi Arregi, Joxe Arregiren arrebak, gainerako sendiak eta ekitaldian parte hartu duten guztiek, tortura jasan duten guztien omenezko eskulturan. Horrez gain, 40. urteurrenari erreferentzia eginez, mural bat osatu dute Izaro Lizarraga eta Mikel Egibarrek, eta mural horri herriko txoko batean jarriko dute. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!