'Munduari itzulia' erakusketa ikusgai Plazida Otañon

Ataria 2021eko urtarrilaren 26a

'Motxila Ibiltaria' ekimenaren barruan liburutegiko arduradunek jarri ohi duten misioari erantzunez umeek munduari itzulia emateko ibilgailuak egin dituzte. Urtarrilaren 30era arte izango da erakusketa ikusgai.

Plazida Otaño liburutegian Motxila ibiltaria ekimenaren baitan, misio bat osatzeko erronka izaten dute haur eta familiek. Irudimenez betetako ibilgailu bereziak egitea zen azken misioa eta haurrek ez dute hutsik egin. Kolore, tamaina eta forma guztietako ibilgailu ikusgarriak egin dituzte.

Urtarrilaren 30era arte izango da erakusketa bisitatzeko aukera Plazida Otaño liburutegiko erakusleihoan.

Motxila Ibiltaria ekimenak ekin dio lehen hiru-hilekoari, eta motxila jasotzen duten haurrek beste misio bati egin beharko diote aurre. Oraingo honetan, barazki eta frutak baliatuta ipuinetako pertsonaien erretratuak osatu beharko dituzte eta haiei argazkiak egin. Errenazimenduko Arcimboldo pintore famatuaren bidea jarraituz, jasotako irudi guztiekin erakusketa berri bat egingo dute Aiztondoko liburutegian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!