Herribizigune elkarteak formazio saioak antolatu ditu Zizurkilen

Jon Miranda Labaien 2021ko urt. 21a, 07:59

Herrigunean dagoen Plaza Etxeberri eraikinaren etorkizunaz eztabaidatzeko elkarteak dinamizatu duen parte hartze prozesua biribiltzeko jasoko dute herritarrek formazioa

Proiektu politiko-sozial eraldatzailetzat du bere burua Herribizigune elkarteak. 2018ko udazkenean hasi zuen ibilbidea eta ordutik Zizurkilgo Herrigunea toki bizigarriago bihurtzeko ahaleginetan dabil herritar taldea. «Herri hobea nahi dugu, herri euskaldunagoa, parte hartzaileagoa, ekologistagoa, solidarioagoa eta feministagoa. Martxan jartzen ditugun proiektuek ikuspegi horri jarraitzen diote», azpimarratu du Alaitz Mujika Herribiziguneko kideak.

Besteak beste, elkarteak bultzatutako elikadura sarea jarri zuten martxan 2019ko abenduan. Gaur egun 37 bazkidek hartzen dute parte eta urtean 20 euroko ekarpena egiten du bakoitzak. Astero, inguruko ekoizleek eskaintzen dituzten produktuak kontsultatu ditzakete www.herribizigune.eus webgunean edota eskaera orria jaso WhatsApp bidez. Aukeratutako produktuen banaketa Herriguneko plazan egiten dute, astelehenero, 18:00etatik 20:00etara. Eskudirutan, momentuan ordaintzen diete ekoizleei, eta haiek jartzen diote salneurria produktuari.

«Elkarteko kideon interesguneetako bat da elikadura, baina Herribizigune ez da kontsumo talde soil bat izatera mugatzen, hori baino gehiago da», esan du Izaro Lizarragak. Modu globalean erantzun nahi diete herritarren beharrei eta parte hartzeko kultura sustatu nahi dute Aiztondo bailaran.

PLAZA ETXEBERRIZ GOGOETA

Zizurkilgo Udalak, 2019an, legealdi berria hastearekin batera, parte hartze batzorde bat jarri zuen martxan. Batzorde horren zereginetako bat Herrrigunean dagoen eta iaz udalak eskuratu zuen Plaza Etxeberri eraikinaren etorkizunaz erabakitzea da. Batzorde horretara 2019ko urrian bildutako eragileen artean, Herribizigunek hartu zuen parte hartze prozesu hori dinamizatzeko ardura eta horretan dabil azken hilabete hauetan: «Ibilbidea berme guztiekin lantzeko ardura hartu genuen elkartetik. Prozesurako oinarrizko irizpideak finkatu genituen, plangintza eta metodologia zehaztu eta herritarren iritziak jasotzeko galdetegi bat zabaldu genuen», esan du Mujikak.

Ordutik, hiru pintxo tertulia egin dituzte. Lehenengo amesteko erabili zutela aipatu dute Herribiziguneko kideek, zein behar antzematen dituzten zerrendatzeko. Bigarrengo pintxo tertulia egin aurretik, Zizurkilekin antzekotasuna izan dezaketen herrietako esperientziak ezagutzeko txangoa antolatu zuten. Iazko irailean Ozaeta, Garaion, Latasa eta Basaburuko proiektuak bisitatu zituzten.

«Prozesu guztian zehar atera den irakurketa bateratu bat izan da proiektuak ikuspegi eraldatzailea izan behar duela, bai sozialki eta baita ekonomikoki ere», azaldu du Lizarragak. Bigarren eta hirugarren pintxo tertulietan hasieran amestutako ideiak eraikinera ekartzen saiatu dira eta Herribiziguneko kideek ikusi dute adostasun zabala dagoela parte hartzaileen artean: «Herrian topagune edo elkargune baten beharra dagoela ikusi dugu. Elikadura sareak ere badarama urtebete martxan eta ez legoke gaizki toki fisiko bat edukitzea. Atera dira ideia abstraktuagoak ere. Momentu jakinetan aterpetxe bezala funtziona dezakeen harrera gune bat prestatzea edota balio anitzeko kultur areto bat ere planteatu izan dira. Lehentasunak finkatu behar ditugu orain eta adostu epe motz, ertain eta luzera zein ekimen gauzatu Plaza Etxeberrin».

Parte hartze prozesua dinamizatzeko ardura hartu zuenean, hilabeteotako ekarpenak jasoz udalean txosten mardul bat entregatzeko konpromisoa hartu zuen Herribizigune elkarteak. Lizarragak aipatu duenez, txostena bera prestatzeko formazioa jaso beharrean zeudela konturatu ziren elkarteko kideak. Horretarako tokiko elikagaien eta elikagai agroekologikoen aholkularitzarako nahiz heziketarako zerbitzuak garatzen dituen Lakari eta Talaios kooperatibetako kideak gonbidatu dituzte azalpenak ematera.

ELKARTETIK KOOPERATIBARA?

«Herritarrentzat elkargunea izatearena, herri onurarena eta udalaren eta herritarren arteko elkarrekintzarena dira prozesuan agertu diren kontzeptuak eta uste dugu herri-kooperatiba baten forma hartu dezakeela horrek guztiak. Horretarako juridikoki zein aukera dauden ikusi beharko da eta bai Lakarik eta bai Talaiosek badute esperientzia horretan. Beste hainbat herritan aritu dira proiektu pertsonalak eta instituzionalak laguntzen», aipatu du Mujikak. Eta zera gaineratu du Lizarragak: «Helburua ez da hasiera hasieratik proiektu pila bat martxan jartzea. Plaza Etxeberri ekimenak komunikatzeko ahoa, bizimodua hobetzeko gorputza eta komunitatea sendotzeko eskuak behar ditu».

Ikuspegi eraldatzaile horretatik ari dira, formazioa jasotzen ez bakarrik Herribiziguneko kideak, baita Aiztondoko beste hainbat pertsona ere: «Esperientzia eta jakintza hau bailararekin partekatu nahi genuen. 21 lagunek eman dute izena eta Herribiziguneko kideez gain, elikadura sarean parte hartzen duten Alkiza eta Asteasuko ekoizleak daude, Zubimusu ikastolako arduradunak eta Zizurkil eta Asteasuko udal ordezkariak». Dagoeneko bi saio egin dituzte. Atxulondo kultur etxean, aurreko astean, lanaren burujabetzaz, kooperatibismoaz eta tokian tokiko garapen eraldatzaileaz aritu ziren, eta Iriarte kultur etxean, atzo, sare komunitatea eta marketing komunitarioa aipatu zituzten, kasu zehatzagoetara etorrita.

Otsailaren 3an eta 17an bide-laguntza saio kolektiboak egingo dituzte eta Herribiziguneko kideek aukera baliatuko dute Zizurkilgo herri-kooperatibaren balizko proiektuan sakontzeko. Martxoaren 3an egingo duten saioan, trebakuntza honen balorazioa egin eta prozesua amaitutzat emango dute. «Prestatuko dugun txostena adostasunaren emaitza izango da. Herriaren hitza. Jakin badakigu amaiera hori beste dinamika baten hasiera izango dela. Aldi teorikoaren amaitu eta gero praktikari heldu beharko diogu», esan du Lizarragak.

FORMAZIO SAIOAK

Otsailaren 3an eta 17an

17:30 - 19:30. Bide-laguntza saio kolektiboak egingo dira, Lakari eta Talaios kooperatiben aholkularitzarekin.

Martxoaren 3an

17:30 - 19:30. Balorazioa eta formazio saioen amaiera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!