Danok Danena taldekoak nagusi Gipuzkoako Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 28a, 13:55
Danok Danena taldeko kideak, Zizurkilgo Intxaur frontoian.

Gipuzkoako Taldekako Txapelketan gizonezkoetan eta emakumezkoetan irabazi dute Danok Danenakoek, Zizurkilgo Intxaur frontoian jokatutako lehian, abenduaren 19an.

Gizonezkoetan bigarren Argitrans Irun izan zen eta hirugarren Zarautz. Danok Danenatik parte hartu zutenak: Jon Kepa Kortajarena, Eki Lizaso, Pablo Ucero, Jon Rodriguez, Ekaitz Kortajarena eta Mikel Alvarez. Emakumezkoetan, taldeko Naiara Madrid, Alazne Gomez eta Ana Zubiarrainek parte hartu zuten.

Bestalde, senior mailako Gipuzkoako Txapelketan, Naiara Madrid izan zen irabazlea 55 kiloko mailan eta Ana Zubiarrain 64 kilokoan. Marka onena Ana Zubiarrainek egin zuen. Gizonezkoetan, Ekaitz Kortajarena izan zen irabazlea 61 kiloko mailan, Pablo Ucero 73 kiloko mailan, Mikel Alvarez 81 kiloko mailan eta Aitor Tecedor 102 kiloko mailan. Jon Rodriguez hirugarren izan zen 81 kilotan. Marka onena Mikel Alvarezek lortu zuen.

Marka batzuk ere lortu zituzten Danok Danenakoek. Jon Kepa Kortajarenak Euskadiko 17 urtez azpiko errekorra egin zuen 55 kiloko mailan, arrankadan 81 kilo, bi denboratan 100 kilo eta total olinpikoan 181 kilo altxatuz. Ekaitz Kortajarenak Gipuzkoako errekorra egin zuen 61 kiloko mailan, arrankadan 98 kilo altxatuz.

Espainiakoan, zortzigarren postuan

Danok Danenako pultsulariek gizonezkoen Espainiako Taldekako Txapelketan parte hartu zuten abenduaren 12an, 8. postua eskuratuz. Kontuan izanda lehen taldetik Mikel Alvarez pultsularia soilik joan zela eta beste guztiak bigarren taldekoak zirela, lortutakoa emaitza ona dela eta maila onean lehiatu zirela azaldu dute klubetik. Ondorengo pultsulariak lehiatu ziren: Mikel Alvarez, Jon Kepa Cortajarena, Peli Perez de Anuzita, Jon Rodriguez, Gorka Endjilo eta Ion Sasiain. "Dena normaltasunera itzultzen bada, datorren urtean lehen hiru taldeen artean sartzea espero dugu", zehaztu dute Danok Danenatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!