Hondakinen inguruko programa jarri dute martxan

Jon Miranda Labaien 2020ko abe. 22a, 07:59

Zizurkilen hezitzaile bat kontratatu dute zaborren kudeaketa onaren inguruko kontzientziazio lana egiteko eta herritarren iradokizunak jasotzeko.

Zizurkilgo Udalak hondakinen inguruko programa berria jarri du martxan. Abendu hasieratik datorren urteko maiatzera bitartean, Ana Garcia hezitzaileak zuzeneko harremana izango du herritarrekin eta haien zalantzak eta iradokizunak jasoko ditu. «Hondakinen kudeaketa onaren inguruko kontzientziazio lana egitea da nire helburu nagusia», esan du Garciak. Kalean hondakinak biltzen diren postuetan ibiliko da eta zizurkildarrei ere harrera egingo die garai bateko Aurrera plazako udal bulegoetan, astelehen eta asteazkenetan 12:00etatik 14:00etara, astearteetan 15:00etatik 17:00etara, 
eta ostegunetan 10:30etatik 12:30etara. Urtarrilaren 4tik aurrera egongo da zabalik bulegoa egun batzuetako etenaren ostean.

2013an hasi ziren Zizurkilen hondakinak atez ate biltzen. Andrea Etxauri udaleko ingurumen teknikariaren esanetan aldaketarekin «polemika handia» egon zen bere garaian eta bere ustetan hondakinen kudeaketan herrian dituzten arazo asko ordutik datoz. «Nabarmenena poltseoa deitzen dioguna da, jende batek zabor poltsak lurrean uzten ditu eta horrek zikintasun itxura ematen du herrian. Orain abiatu dugun programa berri honekin, nagusiki, hori ekidin nahi dugu».

Guztion ardura da hondakinak ongi kudeatzea eta zentzu horretan Etxaurik uste du «etengabea» behar duela izan udalaren eta herritarren arteko komunikazioak. «Udalak egin behar du lan pedagogiko hori eta argudioak eman behar ditu hondakinak behar bezala kudeatzeko, etxean ongi sailkatu eta kalera ongi atera daitezen». Herritarrekin izan den hartu-eman horren emaitza dira, bilketa sisteman urteotan egin diren egokitzapenak. 2017an, esate baterako, udalean ordezkaritza duten EH Bilduk eta PSE-EEk akordioa sinatu zuten bilketa sistema mistora pasatzeko. Gaur egun, atez ate biltzen dira hondakin organikoak astearte, ostiral eta igandeetan eta errefusa larunbatetan. Ontzi arinak, papera, kartoia eta beira edukiontzi bidez jasotzen dira.

2017tik hona, gainera, pizgarri ekonomikoak dituzte zizurkildarrek hondakinak egoki birziklatuz gero. 10 euroko hobaria aplikatzen zaie maiztasun egokiarekin ontzietan irakurraldiak dituzten familiei, eta 15 eurokoa, berriz, hondakin organikoa etxeko konpostagailura edo auzo konpostera bideratzen duten familiei. «Organikoa udalerrian bertan kudeatzeak aurrezki bat suposatzen dio udalari, garraioan eta tratamenduan gasturik egin behar ez duelako. Zizurkilgo Herrigunean organiko gehiena horrela kudeatzen da eta bertakoen aldetik ez dugu inolako kexarik izan», esan du Etxaurik.

Birziklatzeko helburua

Garciak aipatu duenez Elbarrena auzoan eta inguruetan garatuko du bere lana datozen sei hilabeteetan. «Puntu beltz batzuk» identifikatuta dauzka eta horietan eragin nahi du: «Hondakinak ongi kudeatzen dituztenen iradokizunak eta proposamenak jasoko ditut eta ongi kudeatzen ez dituztenei, argudioak emango dizkiet, euren ohitura alda dezaten».

Argudioak ulertu nahi ez dituenarentzat isun ekonomikoak jartzeko aukera zabalik uzten du udalak. «Iristen da momentu bat non baliabideak eta ideiak bukatu egiten zaizkigun eta ulertzen dugu kontzientzia horretan eragiteko beste bide bat direla zigor espedienteak zabaltzea», esan du Etxaurik. Urtean, hala ere, ez dira 35 espediente baino gehiago zabaltzen eta ingurumen teknikariak azaldu duenez, isunari helegitea aurkezten dioten herritarrekin biltzen dira udal ordezkariak zigorraren arrazoia azaldu eta egoera bideratzeko. «Momentuko akats bat dela ikusten badugu eta herritarrak zentzuzko argudioak ematen baditu, bertan behera geratzen da espedientea».

Kontzientziazioan eragin

Oro har, Zizurkilgo herritarren bi heren baino gehiagok hondakinak egoki kudeatzen dituztela nabarmendu dute Garciak eta Etxaurik. «Ongi aritzen ez diren horien artean ere profil ezberdinak daude: badaude sistemarekiko aurkakotasunagatik, protesta gisara, zabor poltsak lurrean uzten dituztenak, eta badira ezjakintasunagatik edo erosotasunagatik hondakinak sailkatu gabe, poltsa bakar batean ateratzen dituztenak kalera. Kanpaina honekin haiengana iritsi nahi genuke», esan du Etxaurik.

«Baina ez haiengana bakarrik», gaineratu du Garciak. Hilabete hauetan, harrera bulegoan, kalean edo egingo dituen telefono deien bitartez herritarren iradokizunak jaso nahi ditu. «Duela bi urte antzeko programa jarri zen martxan eta orduan poltsa konpostagarriak doan banatzeko eskatu zuten herritarrek. Eskatutakoa bete zuen udalak». Bilketa puntuen, ordutegien edota egutegiaren inguruko proposamenak jaso eta maiatzetik aurrera beharrezko doikuntzak egiteko prest dago udala.

Helburu zehatzagoetara etorrita, sei hileko epea pasa ondoren, Zizurkilgo gaikako bilketa tasa igotzea —urriko datuen arabera %71 ingurukoa— eta sortzen den hondakin kopurua murriztea dira helburuak. «Askotan aipatzen dugu birziklatze tasa, baina hondakinen kudeaketaren hiruko erregela horretan bazterrera geratzen da maiz murrizketa. Ahalegina egin behar genuke geroz eta hondakin gutxiago sortzeko. Zizurkilen hilean 20.000 kilo errefusa baino gutxiago sortzea da helburua», esan du Etxaurik.

Arreta bulegoaren ordutegia

Aurrera plazako udal bulegoetan urtarrilaren 4tik aurrera:

Astelehen eta asteazkenetan. 12:00etatik 14:00etara.

Astearteetan. 15:00etatik 17:00etara.

Ostegunetan. 10:30etik 12:30era. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!