Jon Irazu, laugarren Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalean

Ataria 2020ko abenduaren 13a

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatu da Bilbo Arenan, eta Iker Vicente izan da garaile.

Sei aizkolari aritu dira federazioaren abarotik kanpo antolatutako lehiaketaren garaikur bila. Iker Vicentek, Mikel Larrañagak, Julen Alberdi Txikia IV.ak, Aitzol Atutxa, Jon Irazuk eta Eneko Otañok hartu dute parte Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalean. Ezagunak zituzten gaur egin beharreko lanak: launa kana-erdiko (54 ontzako enborra), 60 ontzako eta oinbiko (72 ontzakoa) ebaki behar zituzten.

Azkarrenak irabazi du, hain zuzen, 38 minutu eta 48 segundutan amaitu du Iker Vicentek. Bigarren postua berriz, 40 minutu eta 5 segundurekin eskuratu du Mikel Larrañagak. Honi segika, 41 minutu eta 27 segundurekin geratu da hirugarren Eneko Otaño.

44 minutu eta 31 segundurekin laugarren postua eskuratu badu ere, lortutakoarekin eta gaur egin duenarekin "oso gustura" geratu dela dio Jon Irazu zizurkildarrak: "Asko sufritu dut, hasieratik fuerte samar hasi naizelako. Ez naiz bate konfiantzarekin etorri eta beldurra nuen ez bainuen aguantatuko. Baina azkenean, indarrarekin aguantatu egin dut".

AIZKOLARI TXAPELKETA FINALEKO POSTUAK

1- Iker Vicente: 38:48
2- Mikel Larrañaga: 40:05
3- Eneko Otaño: 41:27
4- Jon Irazu: 44:31
5- Julen Alberdi Txikia IV.a: 46:32
6- Aitzol Atutxa: 49:44

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!