Gozatzera joango da Jon Irazu Aizkolari Txapelketa Nagusira

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 10a, 19:57

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalaren aurkezpeneko irudia.

Igande honetan jokatuko da finala, Bilbon; sei aizkolarik neurtuko dituzte indarrak.

Igande honetan jokatuko da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finala, Bilbon, eta bertan izango da Jon Irazu zizurkildarra. Bilbo Arenan jokatuko da, 12:00etan hasita. Bere buruari presiorik jarri gabe joango dela azaldu du Irazuk: «Finalerako sailkatzen saiatu nintzen, baina ez nuen espero lortzea, eta behin lortuta, orain finalera inongo ardurarik gabe joango naiz, ea gozatzen dudan». Lehen mailako sei aizkolari izango dira finalean lehian, eta horietatik seigarren postuan sailkatu zen Irazu kanporaketako saioan.

Finala berez azaroaren 29an jokatzekoa zen, baina azkenean abenduaren 13ra atzeratzeko erabakia hartu zuten antolatzaile eta aizkolariek. Arrazoia, ikusleak egon ahal izatea. COVID-19aren inguruko neurriak direla-eta atzeratu zen finala, beraz. «Aizkorari ekonomikoki asko baldintzatzen dio publikoa izateak, eta horregatik atzeratu genuen finala», esan du Irazuk. «Ez genuen hainbeste atzeratzea nahi, baina azkenean data hori erabaki genuen». Halere, azkenean ez da posible izango publikoa bertan izatea. Izan ere, atzo arratsaldean Eusko Jaurlaritzatik azalduriko neurri aldaketen barruan ez dago sartuta publikoa kirol ekitaldietara joatearena. Finala ETB1 telebista kanaletik jarraitu ahalko da zuzenean.

Irazuri ondo etorri zaio finala atzeratzea: «Nahiko berde nengoen finaleko lanak egiteko, eta nahiko lan egin behar izan dut. Ikusiko da egunean bertan zer gertatuko den». Zizurkildarrarekin finalean izango direnak Iker Vicente, Aitzol Atutxa, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Eneko Otaño izango dira. Irazuk Iker Vicente ikusten du besteak baino puntu bat gorago. «Atutxa ez dakigu nola etorriko den, eta lesiotik osatuta egongo den. Gainera, ez dakit nola moldatu ahal izan duen behar bezala entrenatzeko. Vicente ikusten dut faborito, baina edozeinek eraman dezake txapela». Bere burua, baina, ez du aukera horretan sartzen: «Ni saiatuko naiz borrokatzen, baina ezusteko handia litzateke ni txapela janzteko aukerekin izatea». Igandean aizkolariek egin behar duten lana gogorra izango da: 4 hazbeteko lau enbor (40 zm.ko diametroa), 60 ontzako lau enbor (44 zm.ko diametroa) eta 72 ontzako lau enbor (53 zm.ko diametroa).

Final handiaren aurretik, bigarren mailako zortzi aizkolarik promozio mailako txapelketa jokatuko dute. Larrea IIIa, Corchero, Jauregi, Aratz Mugerza, Eneko Saralegi, Pellejero, Zelai IV.a eta Julen Kañamares ariko dira bertan lehian eta lehen mailakoen lan erdiak egin beharko dituzte.

Lehen mailako aizkolariek zein bigarren mailako zortzi horiek txapelketa Euskal Herriko federaziotik aparte antolatzea erabaki zuten, ez baitaude ados erakunde horretatik azkenaldian aizkoraren inguruan egin den kudeaketarekin. Irazuk azaldu duenez, «COVID-19arengatik urtea oso zaila izatean ari da, publikoaren beharra baitugu ekonomikoki. Baina bestela, aizkolariak itxura ona ematen ari gara. Ea igandekoa ere ondo ateratzen den, eta hasten garen beste itxura bat ematen kirol honi».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!