Euskararen Egunaren bueltakoak antolatu dituzte Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 3a, 11:58
Xabier Amuriza Plaza Etxeberrin, 'Ombuaren itzala' filma proiektua aurkezteko agerraldian

Euskararen Eguna da gaur eta horri lotuta hainbat ekitaldi antolatu du Zizurkilgo kultura sailak.

Gaur, abenduak 3, Euskararen nazioarteko eguna ari da ospatzen. 15:15ean hasita, herriko hiru ikastetxetako ikasleek Euskaraldia hitza osatu eta Joxe Arregi plazako barandan jarriko dute.

Abenduaren 4an, iritsiko da Euskaraldiaren azken eguna. Hamabost egunetan egindako bidea ospatzeko ekitaldia antolatu dute Zizurkilen, 19:00etan. Euskarak sortzen dizkigun zirrarak bilduko dituzte, Joxe Arregi plazan, 19:00etan. Euskaraldian izena eman duten Zizurkilgo entitateetako ordezkariak bilduko dira emozioak azaleratu eta koplak abesteko.

Duela bi urteko edizioko kopurua parekatzea lortu dute Zizurkilen, 500 parte-hartzaileren maila gaindituta. Alde batetik  izena emateko baldintzak betetzen zituzten komertzio eta ostalaritza-establezimendu guztiek eman dute izena Euskaraldian, entitate gisa. Herriko elkarte askok ere eman du izena: kirol eta kultura elkarteek, erakundeek, enpresek… Herriko hainbat eta hainbat eragilek hartu du parte, beraz, aurtengo Euskaraldian.
 
Amaitzeko, abenduaren 5ean, larunbatarekin, Xabier Amuriza eta Agus Barandiaranen Koplariak Koplari ikuskizuna izango da, Arantzazuko Amaren elizan, 19:00etan hasita. Ekitaldira joan ahal izateko, beharrezkoa izango da gonbidapenak jasotzea. Udal bulegoetan zein Plazida Otaño liburutegian egongo dira eskuragarri.
 
Bide batez, udal zerbitzuek jai egingo dute Euskararen nazioarteko eguna dela eta. Aldaketak izango dira udal zerbitzuetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!