Jon Kepa Kortajarena, Espainiako txapeldun

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 25a, 07:57

Pultsulari zizurkildarrak 17 urtez azpiko mailan lortu du garaipena.

Danok Danena halterofilia taldeko Jon Kepa Kortajarena zizurkildarrak beste Espainiako Txapelketa bat lortu du. Oraingoan, 17 urtez azpiko kategorian izan da, asteburuan Cadizen (Espainia) jokatutako lehian. Aurretik 15 urtez azpiko kategorian lortu zuen ere txapeldun izatea. «Oso gustura nago, izan dudan urtea eta gero», esan du Kortajarenak.

Ostegunean joan ziren Cadizera, bidaia luzea izanik, denbora gehiago izateko atseden hartzeko. Txapelketa goizen goiz hasten zen, 08:15ean. «Pixka bat lo harrapatzen zaitu, baina ondo eraman nuen, eta oso gustura egindakoarekin», zehaztu du zizurkildarrak.

Arrankadan oso lehiatua izan zen proba. «Bigarren mugimendutik aurrera banekien lehenengo nindoala arrankadan, eta gero bi denboratan bi altxaldi ondo eginez gero banekien irabazi egingo nuela, eta azkenean hiru altxaldiak egin nituen ondo, eta dena perfektu atera zitzaidan», esan du pultsulariak. Arrankadan 73, 77 eta 79 kilo altxatu zituen, eta bi denboratan 90, 95 eta 97 kilo. Marka horiekin, bi denboratan eta total olinpikoan (176 kilo) 17 urtez azpiko Euskadiko markak egin zituen 55 kiloko kategorian.

Ez du urte erraza izan: «Aurreko abenduan lesionatu nintzen, orkatilan, eta lehiatu ahal izan dut, baina ez maila berean. Batzuetan minduta ere aritu naiz. Koronabirusaren kontuarekin ere gutxiago entrenatu dugu, baina moldatu egin behar izan dut eta azkenean ondo bukatu dut urtea». Denboraldia bukatzeko taldeko Espainiako Txapelketa falta da. Danok Danenarekin batera lehiatuko da Coruñan. «Taldeari laguntzera eta nire marka hobetzera joango naiz», esan du Kortajarenak.

Datorren urteari begira, ahal denean ebakuntza egiteko asmoa du Kortajarenak. Bestalde, junior mailara pasako da, hau da, 20 urtez azpiko mailara eta asmoa du pisu kategoriaz igotzeko: «Gorputzak eskatzen dit pisuz igotzea, eta 61 kilo azpikoan lehiatuko nintzateke. Bestalde, nire lehenengo urtea izango da kategorian eta, beraz, ahal dudana egitera joango naiz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!