Herrigunea berpizteko saioa

Jon Miranda Labaien 2020ko aza. 20a, 19:59

Herribizigune elkartea sortu dute Zizurkilen, gizarte kohesioa indartzeko. Bizimodua eraldatu nahi dute, komunitatea trinkotuz eta elkargune berriak sortuz.

Proiektu politiko-sozial eraldatzailetzat du bere burua Herribizigune elkarteak. 2018ko udazkenean hasi ziren Zizurkilgo zenbait herritar kezkak partekatzen, eta, besteak beste, Zarauzko Lakari eta Donostiako Igeldoko Iko kooperatibak bisitatu zituzten. Aldi berean, herritarren artean galdetegi bat zabaldu zuten zizurkildarrek zenbait gairekiko zuten interesa neurtzeko. Hasierako taldean parte hartu zuen Izaro Lizarragak. “Gutako batzuk kezkatuta geunden daramagun bizimoduarekin, pertsonen artean dagoen harreman eskasarekin eta hurbileko komunitateak azkenaldian izan duen higadurarekin; Ikusi genuen badugula gauzak beste era batera egiteko nahia eta hobeto bizitzeko gogoa”.

Banatutako galdetegian jasotako erantzunek erakutsi zuten zizurkildarren artean kezka partekatuak direla horiek. Bospasei lagunez osatutako taldea martxan jarri, eta iazko ekainean ekonomia sozial eraldatzailearen inguruko ikastaroa jaso zuten KoopFabrikaren eskutik. “Izugarrizko laguntza” izan zela aipatu du Alaitz Mujika taldeko kideak: “Prozesu honek pertsona bezala aberastu eta elikatu egin gaitu, elkarrengandik asko ikasteko balio izan digu”.

2019ko udazken hasieran erabaki zuten Herribizigune elkartea sortzea. “Modu xumean abiatu dugu bidea, pretentsiorik gabe. Gure eskalan, gure gertuko ingurunean eragin nahi dugu. Zizurkilgo Herrigunetik sortu da egitasmoa, baina aldameneko auzoetara zabaldu daiteke elkartea”, esan du Mujikak.

Elikadura sarea, abiapuntu

Iazko urtea amaitu baino lehen sortu zuten elkartetik lehenengo egitasmoa: elikadura sarea. Rosarito Labaka elkarteko kidea nekazaritza ereduaren inguruan duten kezkaz aritu da: “Bertako elikagaiak sustatu nahi ditugu eta garaian garaikoaren eta agroekologikoaren kontsumoa bultzatu. Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana zuzena eta bidezkoagoa izatea nahi dugu. Lurra zaintzea, baserriaz arduratzea, gure inguruneaz eta kulturaz arduratzea da”.

Gaur egun, 34 bazkide ditu elikadura sareak, eta urtean 20 euroko ekarpena egiten du bakoitzak. Astero, inguruko ekoizleek eskaintzen dituzten produktuak kontsultatu ditzakete www.herribizigune.eus webgunean edota eskaera orria jaso WhatsApp bidez. Bazkideek ez dute konpromisorik, eta beharren arabera egiten dute eskaera. Aukeratutako produktuen banaketa Herriguneko plazan egiten dute, astelehenero, 18:00etatik 20:00etara. Eskudirutan, momentuan, ordaintzen diete ekoizleei, eta haiek jartzen diote salneurria produktuari.

Barazkiak, fruta, ogia, arrautzak, fruitu lehorrak, esnea eta esnekiak… Oinarrizkoak diren produktuak izaten dira asteroko eskaintzan. Hileko bigarren astean, eskaintza berezia ere izaten dute bazkideek, eta galkorrak ez diren produktuak izan dituzte aukeran saskian: eztikiak, gazta, garagardo artisaua edota kosmetika produktuak, esate baterako.

Herribizigune elkartekoak ekoizle bila jo dute batzuetan, eta, besteetan, ekoizleak etorri zaizkie proposamenarekin. “Norabidea ez da garrantzitsua”, azpimarratu du Mujikak. “Ekoizpen arduratsua egiten duten ekoizleak nahi genituen, gure nortasunarekin bat egiten dutenak. Gure mugimendua euskalduna, parte hartzailea, ekologista, solidarioa eta feminista da. Betaurreko horiek jantzita egiten ditugu gure aukerak, eta ez da kasualitatea elikadura sarera batu zaizkigun ekoizle gehienak emakumeak izatea”.

Elkarguneak sustatuz

Elikadura sareak pertsonen arteko elkarlana eta auzokidetasun sentimendua sustatzen ditu. Komunitatea egonkortu eta trinkotzea du helburu Herribizigunek, eta, horretarako, ezinbestekoa dela iruditzen zaie sentsibilizazio lana egitea, herritarren kontzientzia sustatzea eta elkarguneak bilatzea. Horretarako, espazioak ahalbidetzeko ahaleginean, Zizurkilgo Udalak martxan duen parte hartze prozesu batekin egin dute topo elkarteko kideek. Iaz erosi zuen udalak Herrigunean dagoen Plaza Etxeberri eraikina. Beheko solairuan ostatu-jatetxe zerbitzua eskainiko dute, baina gainerako espazioei zein erabilera eman erabaki nahi dute orain. Prozesua dinamizatzeko ardura hartu du Herribizigune elkarteak.

Bestalde, Francesco Tonucci pedagogo italiarraren Haurren hiria proposamenean oinarrituta, Herrigunean haur parke sozial bat eraiki nahi dute, Haurren basoa deitu diotena. Bide hirukoitza abiatu dute, parte hartzea sustatu eta haurrak erdigunean jartzeko: San Millan eskola, gurasoak eta udala ari dira parkea irudikatzen. “Haurrak gai dira beraientzako espazioak pentsatzeko eta moldatzeko. Udaberrian parke hori eraikitzen hasiko gara, puskaka eta pixkanaka, eta zati bakoitza ospatuko dugu. Haurren basoa dinamikoa izango da, hondatzen joango da, eta denon artean egokitu eta moldatu beharko dugu”, esan du Mujikak.

Herrietan elkartzeko espazioak gero eta gutxiago dira, eta, askotan, herrien antolamendua egiterakoan herritarren beharrei interes komertzialak gailentzen zaizkiela uste dute proiektuko kideek. Logika horri ihes egin nahi dio elkarteak, eta elkarguneak sortu nahi ditu, “elkarri babesa emateko, elkarrengandik ikasteko, etenda dagoen belaunaldien arteko jakintzen transmisioa berreskuratzeko,elkar goxatzeko, eta, oro har, hobeto bizitzeko”. Absentzia presentziarekin ordezkatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!