Saririk gabeko lan eskerga

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 14a, 12:00

Jon Erasunek agur esan dio bart gauean Promozio Mailako Buruz Buruko Txapelketari, Irungo Uranzu pilotalekuan. 18 eta 22 galdu zuen final-laurdenetako partida, Iker Salaberria goizuetarraren aurka, 319 pilotakadako partida gogorrean.

Ez zion batere ongi ekin partidari pilotari zizurkildarrak. 0-4 aurreratu zen markagailuan Salaberria. Erasun jakitun zen partida gogortzea eta tanto luzeak jokatzea zela norgehiagoka irabazi ahal izateko biderik onena. Horrela, 3-6 gerturatu zitzaion Aspeko aurrelariari. Ordurako, gainera, 100 pilotakadatik gertu zebiltzan bi pilotariak.

Lehen zatian, baina, gehiago asmatu zuen pilotari nafarrak, eta tanto dotore batzuk burutu zituen. Zizurkildarra, berriz, defentsan partida serioa egiten ari bazen ere, kamuts aritu zen erasoan, zenbait hutsegite tarteko. Horrela, 4-12ko markagailuarekin heldu ziren lehen atsedenaldira.

Atsedenaldien ondoren, susperraldia

Lehen atsedenaldiaren ondoren, jokatzeko modua aldatzea lortu zuen Erasunek. Saskitik ateratako pilotarekin asmatu zuen, eta lau tanto jarraian egin ondoren, ordurako ezinezkoa zirudiena eskuratu zuen: berriro partidan sartzea. Tanto gogorrak jokatu eta gero, lau tantotara gerturatu zen zizurkildarra: 8-12. Bazirudien atsedenaldiak on egin ziola Baikoko pilotariari.

Baina partida gogortzea Salaberriaren kalterako izango zela zirudienean, 6 tanto erreskan egitea lortu zuen pilotari nafarrak: 10-18. Minutu gutxitan pilotakada asko jo zituzten. Erritmo bizian ari ziren jokatzen, eta agian, horrek eragin handia izan zuen Erasunen jokoan, eta are gehiago indarren xahuketan. Salaberriak zizurkildarrak baino gehiago asmatu zuen partida erdialdean; Erasunek, berriz, erabaki txarren ondorioz, galdutako asko izan zituen. 

Bigarren atsedenaldian, bazirudien partida erabakita zegoela; Erasun, gainera, etsita zegoen aulkian. Hala ere, zizurkildarra mendean hartzeko beharrezkoa da partidako azken pilotakadaraino borrokan jarraitzea. Norgehiagoka osoan tentsio betean egotea eskatzen duen pilotaria da. Eta, hain zuzen ere, Salaberria pixka bat erlaxatu zelako edo partida ixteko urduritasunaren ondorioz, berriro partidan sartzea lortu zuen.

Esperantza hutsa

Zortzi tanto egin zituen zizurkildarrak, bata bestearen atzetik. 18nako berdinketa izan zen partidako berdinketa bakarra. Bereziki gogorra eta ederra izan zen Erasunek tarte horretan lortutako hamabostgarren tantoa. 25 pilotakada jo ondoren (jada 300 pilotakadetatik gertu zeuden), 3. koadrotik jotako gantxo batekin amaitu zuen. Partidako bere unerik onena zen. 

Orduan, kale edo bale egiteko garaia zela esan zion Jose Angel Balanza Gorostiza prestatzaileak zizurkildarrari, pilotakada bakoitzari azkena balitz bezala jo behar ziola. Estrategia hori, baina, Salaberriak erabili zuen, maisutasun handiz, azken lau tantoak lortu eta partida irabazteko. Partida gogorra izan zenaren erakusgarri, 18-19ko tantoaren ondoren, bi pilotariak makurtuta jarri ziren unea.

Azkenean, garaipena Salaberriarentzat: 18 eta 22. Erasunek agur esan behar izan die finalerdiei. Baina, beste behin ere, pilotari gogorra, langilea eta serioa dela erakutsi zuen zizurkildarrak.

Estatistikak:

  • Egindakoak: Erasunek 9 / Salaberriak 16
  • Galdutakoak: Erasunek 6 / Salaberriak 9
  • Pilotakadak: 319.
  • Iraupena: 52 minutu.

Jaka, ezustekoa ematera

Gaur arratsaldean, Erik Jakaren txanda izango da. Lizartzako aurrelariak Mikel Urrutikoetxea Baikoko pilotari zaratamoarra izango du aurkari, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den Lehen Mailako Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako partidan. Partida zaila izango da, bizkaitarra izango baita faboritoa. Hala ere, Aspeko pilotaria ezustekoa ematen saiatuko da. 17:30ean hasiko da jaialdia, eta bigarren partidan ariko dira finalerdietarako txartela eskuratu nahian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!