Emakumeak eta haren bueltakoak

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 6a, 07:58
Urriaren 21ean, feminismoaren oinarriak lantzeko tertulia egin zuten Zizurkilen

Bigarren urtez jarraian, Emakume zirkulua jarri dute martxan Zizurkilen; Alaitz Garmendia zizurkildarrak zuzendutako saioak dira, energia femeninoa berreskuratu eta ospatzeko. Hamabostean behin elkartu ohi dira, eta dagoeneko bi saio egin dituzte. Bestalde, eta udalak antolatuta, feminismoaren oinarriak lantzeko tertulia bat ere egin dute.

Emakumeak biltzen diren espazioa bilakatzen da bi astez behin Zizurkilgo Iriarte kultur etxea. «Elkar entzun, elkar lagundu, elkar goxatzeko espazio bat» sortzea bururatu zitzaion iaz Alaitz Garmendia zizurkildarrari. Hortik, bigarren urtez jarri dute martxan Emakume zirkulua.

«Iruditzen zitzaidan, garai hauetan garrantzitsua zela emakumeok ere gure espazio bat edukitzea, eta horretarako gune bat sortzea bururatu zitzaidan eta horrela planteatu nuen udaletxean», kontatu du Garmendiak. Emakume zirkulua, emakume topaketa bat da: «Bere esentzia bertako emakume bakoitzarekin osatzen da, ez da ezer finkoa, estatikoa, baizik eta elkarren presentziaren baitan sorturiko mugimendu energetikoa da».


Ostiraletan elkartu ohi dira, hamabostean behin. Elkarrekin zirkuluan esertzen dira, eta horrela esertzearekin «posizio bera» dute guztiek. Garmendia arduratzen da taldea gidatzeaz. «Gure energia femeninoa, bakoitzak duena, ezagutu eta daukagun konexio horiek konpartitzen ditugu». Ziklitateak nola eragiten duen, emakumeen fase ezberdinez edota ilargiaren faseez hitz egiten dute: «Ilargia egun horretan nola dagoen eta nola eragiten digun konpartitzen dugu». Energia hori berreskuratzeko nahi horren bueltan sortu dute sei emakume inguruk osatzen duten espazioa.

Saioak ez dituztela egituratzen dio, «askeak» izatea bultzatzen du Garmendiak, «bakoitzak konpartitzeko espazio hori senti dezan, senti ditzala naturarekiko harremanak, erlazioak eta energia». Zirkulu bakoitza ezberdina eta magikoa dela dio. «Beti eramaten dut gai eta proposamen bat saiora, baina aldakorra izan daiteke; izan ere, saiora kanpotik gatoz, bakoitza bere errealitatetik dator, egunerokoa utzita». Bakoitzak bere buruarekin konektatu eta konexio hori sentitu ahal izateko arnasketak, meditazioak eta mugimendu ezberdinak egiten dituztela ere kontatu du.

Tartean, zirkuluaren erdian, egurrezko aldare moduko bat jartzen dute, bakoitzarentzat garrantzitsuak diren elementuak jarriz: «Boterea emateko eta energia horren eragina sentitzeko jartzen dugu aldarea, kandela edota intsentsu batzuekin». Horrela, erritual modukoak egin ohi dituzte eta barne-barneko espazio sakratua bilakatzen da zirkulua, «errespetuz eta maitasunez eraikia».

Feminismoaren oinarriak lantzen

Honakoak ere emakumeekin du zerikusia, baina kasu honetan udalak antolatutako tertulia bat da, guztiz bestelakoa. Urriaren 21ean, feminismoaren oinarriak lantzeko tartea hartu zuten Zizurkilgo emakumeek, Plazida Otaño liburutegiko ikasgelan. Berez konfinamendu garairako zeukaten aurreikusita tertulia, baina egoerak hala behartuta atzeratu egin behar izan zuten. Matti Navas Berdintasun zinegotziak gidatutako saioa izan zen. Neurriak errespetatu ahal izateko gehienezko edukiera mugatu egin behar izan zuten, eta zortzi lagunek hartu zuten parte tertulia horretan.

Navasek azaldu duenez, feminismoa zer den, feminista izateak zer suposatzen duen eta mota horretako gaiak eztabaidatu eta hausnartu zituzten adin tarte guztietako emakumeek. «Azaldu nahi izan genuen, feminismoa ez dela soilik bandera morea eramatea», esan du Navasek. «Saio atsegina izan zen, gustura aritu ginen, izan ere, giro lasai batean feminismoaren inguruan eztabaidatzeko denbora izan genuen».

Saioa aurrera eramateko, Bell Hooks idazle, militante feminista eta aktibista sozial estatubatuarraren Feminismoa denon kontua da liburuaren lehen hiru kapituluak hartu zituzten oinarri. Testu horiek aurrez eskuratu ahal izan zituzten parte hartzaileek, eta horren inguruan aritu ziren solasean.

Zerbait puntuala izan zela argi utzi nahi izan du Berdintasun zinegotziak: «Zizurkil herri txikia da, eta horrelako herri batean pertsona berdinak mugitzen gara eremu ezberdinetan euskara taldean, feminismo taldean, irakurle taldean... eta hamabostean behin elkartzen hasi beharrean, hobeto ikusten genuen, noizbehinka elkartzea». Horrela, azaroaren 25era begira, indarkeriaren inguruan, beste tertulia bat egin edo ez baloratuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!