«Eskertuta nago toki honen ustiapena niri esleitzeagatik, ez dut hutsik egingo»

Jon Miranda Labaien 2020ko urr. 28a, 07:59

Zizurkilgo Udalak Jose Garcia donostiarrari esleitu dio Plaza Etxeberri taberna-jatetxearen ustiaketa, ostalaritzan esperientzia zabala du eta askotariko eskaintza egingo du Herriguneko jatetxean.

Gaztetatik ezaguna du Jose Garciak (Donostia, 1970) ostalaritza mundua eta bospasei urte dira taberna eta jatetxea zabaldu zituela Donostian. Orain Plaza Etxeberri eraikinaren behealdean dagoen establezimenduaren ardura eramango du. Astelehenean eman zitzaion hasiera aldi berriari.

Zer nolako harrera egin dizute Zizurkilen?

Egunotan ezagutu dudan jendea oso atsegina da. Beste planeta batean nagoela iruditzen zait. Etxean baino ordu gehiago egingo ditut hemen eta horrelakoetan beti izaten duzu zalantza: «Nola hartuko naute? Gustatuko natzaie? Ulertuko dute egiten duguna?». Zalantza guztiak uxatu zaizkit jendeak babes handia erakutsi didalako iritsi berritan. Ni prest egongo naiz herrian antolatzen diren ekitaldietan laguntzeko.

Ostalaritzarako ez dira garairik onenak. Zergatik erabaki duzu pausoa ematea?

Bizitzan horrelako aukerak parera etortzen zaizkizu. Arazo handiei tamaina bereko erantzuna eman behar zaiela pentsatzen dut nik. Aukera paregabea da Plaza Etxeberrirena. Ez da sekula amore eman behar eta borrokatu egin beharra dago. Niri beste ezerk ez lidake poz handiagoa emango lanpostu berriak sortzeak baino. Hori da behar duguna. Nire aldetik Zizurkilgo Udalarekin eskertuta nago toki honen ustiapena niri esleitzeagatik. Ez diet hutsik egingo. 

Lantaldea osatzeko bidean zaudete.

Bai. Herriko jendeari dei egin diogu gure lantaldera batu dadin. Sukaldean bi lagun ariko gara eta goizean nahiz arratsaldetan laguntzaileak etorriko zaizkigu; Jantokian, berriz, hiruzpalau pertsona ariko dira. 60-70 lagunentzako tokia egongo da jantokiaren eta atzealdeko terrazaren artean.

Zer nolako eskaintza egingo duzue?

Donostiako gure establezimenduan eguneko menua eta haragi errea dira gure berezitasuna. Asteburuetan Zizurkilen beti egongo da aukeran arkume edo txerrikume errea. Karta ere eskainiko dugu eta beti egongo da arrain freskoa horrela nahi duenarentzat. Gure menuetan entsaladak, pastak, arrozak eta bestelako eltzekariak jarriko ditugu, tartean babarrunak egongo dira bere sakramentu guztiekin. Sukaldaritza tradizionala da, baina beti gustatzen zaigu egungo teknikekin jolastea. Tenperatura baxuan prestatzen ditugu haragiak, adibidez, eta platerak aurkezterako orduan ongi hornituta joaten dira, bere entsalada, patata eta saltsekin. Gustu guztietara egokituta eskaintza osatua da eta bertako sukaldaritzan oinarrituta dago; %100ean janari osasungarria da eskainiko duguna.

Zein jende gerturatuko zaizuela uste duzu?

Jende guztiarentzat egongo da zabalik. Eguneko menua 13,50 euroan emango dugu. Egunero eskainiko dugu sagardotegiko menua eta horretarako kupela bat jarri dugu sagardoa txotxetik ateratzeko. Gauean, berriz, karta izango da. Ostiraletan pintxo-potea egingo dugu. Badugu esperientzia Donostiako tabernan eta jende asko gerturatzen zaigu. Txuleta pintxoak edo bakailaoarenak eskatu ahal izango dira. Eta bestela ere, errazio eta pintxo eskaintza zabala izango dugu.

Plaza Etxeberriri ostalaritzarako zein abantaila ikusten dizkiozu?

Niri kontatu didatenaren arabera ibilbide bikaina izan du jatetxe honek. Aurreko jabeek beti ondo egin izan dute lan. Hori da puntuetako bat. Bestea kokalekua da: 500 urte dituen eraikin bat da eta horrek badu bere esangura. Hona sartu nintzen lehen egunean toki honek historia duela sentitu nuen. Paretek hitz egiten dute. Zutabe sendoak ditu eraikinak eta hori da negozio honek eskaintzen duena, sendotasuna eta bermea.

Aldaketa handirik ez duzue egingo, beraz.

Hemen mahaiek pisua dute, aulkiek ere bai. Paretek bere horretan dauden bezala ondo ematen dute. Ez du gehiago behar. Nik errespetu handia diot toki honi eta gauza minimoak erantsiko dizkiot. Adibidez, tabernako barraren ondoan gazteentzako gune bat sortuko dugu. Futbolina izango dute, musika entzun ahal izango dute, eta azken batean egoteko toki atsegin bat eskainiko diegu. Haientzako ogitartekoak ere izango dira aukeran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!