Herriko merkataritza eta ostalaritzarako diru laguntza deialdia egin dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 22a, 11:58

Zizurkilgo Udalak atera du deialdia eta inbertsio eta ekipamenduetarako laguntza eskuratzeko, urriaren 15a baino lehen egin beharko da eskaera udal bulegoetan.

Diru laguntzen helburua tokiko jarduera sustatu eta suspertzea da, eta bide batez, sektorearen jarduera ekonomikoa, enplegua eta lehiakortasuna mantentzea, COVID-19aren krisiak eragindako ondorioei aurre egin ahal izateko.

Inbertsioak egitea, ekipamenduak jartzea eta inbertsio horiek bideratzeko ikerketak egitea lagunduko da diruz deialdi honekin. Deialdia arautuko duten oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira. Bertan ageri da, besteak beste, eskatzaileek jarduera ekonomikoen sailkapen nazionalean (JESN) zer sailkapen izan behar duten laguntza jaso ahal izateko.

Diruz lagundutako jarduerak 2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra artean egin beharko dira. Halaber, fakturen datak eta bere ordainketak epealdi horren barruan egongo dira. Diruz lagundu ahal izateko, onartutako proiektuen gutxieneko inbertsioaren zenbatekoa 50 eurokoa izango da establezimendu bakoitzeko, zenbateko horretara iristen ez diren eskaerak ez dira diruz lagunduko. Diruz lagundu daitekeen gehieneko gastua, berriz, 1.500 eurokoa izango da establezimendu bakoitzeko.

Eskaerak Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, urriaren 15a bitartean. Establezimendu bakoitzeko laguntza eskaera bakarra aurkeztu ahal izango da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!