«Kultura segurua dela ikusarazi nahi diogu jendeari igandeko emanaldiarekin»

Jon Miranda Labaien 2020ko ira. 17a, 11:59

Zizurkilgo bost artistek diziplinarteko 'Ikusi arte' emanaldia eskainiko dute igandean Elbarrenako elizan. Hodei Arrastoa aritu da emanaldia prestatzen eta koordinatzen

Bartzelonan du bizilekua Hodei Arrastoa Mendizabalek (Zizurkil, 1995) eta handik aritu da igandeko emanaldia prestatzen. Buruan irudikatu duen hori, herriko beste lau lagunekin batera taularatuko du igandean.

Non du sorburua 'Ikusi arte' ikuskizunak?

Elbarrenako jaiak aurten egingo ez zirela jakin nuenean, festa batzordeari emanaldi bat egiteko aukera proposatu nion. Aurretik, bost urtetan, abenduko zubian, Bartzelonako ikaskide eta lagunekin prestatu izan ditut ikuskizunak Zizurkilen emateok. Aurten hango jendearekin egin beharrean, bertako artistekin aritzea pentsatu nuen.

Zurekin batera arituko diren lau artistekin bazenuen aurrez harremana?

Bai, noski. Herri txikia da gurea eta denok elkar ezagutzen dugu, Unai, gainera, lehengusua dut. Gainerakoekin gutxi-asko badut harremana.

Nola egin duzue lan emanaldia prestatzeko?

Emanaldirako materiala sortzea izan zen lehen urratsa. Horretarako ordenagailu aurrean jarri eta publikoari zer transmititu nahi nion pentsatu nuen aurrena. Artistei buruz hitz egitea erabaki nuen eta horren arabera, parte hartzaile bakoitzarentzat proposamen zehatza landu nuen. Gero, haien ekarpenak jasota emanaldiaren pasarte bakoitza fintzen joan gara. Zaila izan da niretzat, telematikoki egin behar izan dugulako, ni Bartzelonan eta gainerakoak hemen. Oso pertsona bisuala naiz, nire sormen prozesua akzioarekin lotuta dago eta izugarrizko lana izan da geldi egon eta ikuskizun guztia buruan eraikitzea.

Arteari eta artistei buruz hitz egingo duzue.

Bai. Ordu erdia iraungo du emanaldiak. Artisten egoera, haien inguruan egon daitekeen estigma, zer den entretenimendua, zer den artea, zer kultura... Modu ezberdinetara azalduko ditugu gogoeta horiek. Gustatzen zait Zizurkila gauza sinpleak ekartzea, espektakularrak; Dakizkidan antzerkiko oinarrizko mekanismoak erabiltzen ditut, gehienetan funtzionatzen dutenak. Diziplina ezberdinak nahastea aberatsa dela iruditzen zait.

Kultura eta artea, oro har, kaltetuta atera dira pandemia garaian.

Emanaldietara gerturatzera gonbidatu nahi nuke jendea, are gehiago, COVID-19 garaiotan. Bartzelonan ezagutu ditut itxi dituzten antzokiak pandemiaren ondorioz. Egia da aldi berean jende asko toki batean biltzea beharrezkoa dugula artistok, baina neurri guztiak hartuz gero kutsatzeko arriskurik ez dago. Izugarrizko ahalegina egin da kulturaren munduan, eta hala ere, beti susmopean dago gure sektorea. Horregatik kultura segurua dela ikusarazi nahi diogu jendeari igandeko emanaldiarekin.

Zer adierazi nahi izan duzue izenburuarekin ?

Ulertu daiteke, 'gero arte' edo 'hurren arte' bezala, baina guk artea ikusteko gonbita luzatu nahi dugu eta hitz joko hori baliatu dugu hori adierazteko. Maria Altunak berak egin du emanaldirako kartela.

Zergatik aukeratu duzue Elbarrenako eliza emanaldirako?

Festa batzordeari jarri nion baldintza bakarra emanaldia espazio itxi batean egitea izan zen. Buruan neukan ikuskizunerako ez nuen herriko plaza toki egokitzat ikusten, hotzegia iruditzen zitzaidan. Jendea gertuago sentitu nahi nuen, publikoari esaten dioguna pertsonalagoa delako. Eliza da horretarako espazio egokiena.

Gonbidapen guztiak agortuta daude iganderako.

Bai. Aforoa mugatu behar denez, 70 lagunentzako tokia egongo da elizan. Gonbidapen gehiago ere banatu dituzte, badaezpada, sarrera dutenetako batek huts egingo balu eserlekuak hutsik gera ez daitezen.

IRAILAK 20, IGANDEA

Elbarrenako elizan, 20:15ean

Hodei Arrastoa. Saioari sarrera eman eta dantza egingo du.

Maria Altuna. Artista plastikoa da eta koadroa pintatuko du zuzenean.

Zigor DZ. Musikalki jantziko du ikuskizuna.

Unai Mendizabal. Bertsoak eskainiko ditu emanaldian.

Janire San Sebastian. Antzerkia egiten du eta monologoa egingo du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!