Kultur eskaintza prestatu dute Zizurkilen

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abu. 9a, 12:00

Zizurkilgo Festa Batzordeak festen ordez, kultur eskaintza prestatu du hilaren 14tik 16ra. Kulturaren erakusleiho bilakatuz, musika, ipuin kontalaria, bertso saioa, bakarrizketa edota herri kirol erakustaldia antolatu dituzte.

Zizurkilgo Festa Batzordeak herritarrei begirako Asteburu Kulturala antolatu du. Abuztuaren 14tik 16ra izango dira ekitaldiak, Herrigunean. Adin tarte guztietako jendea hartu dute kontuan, eta estilo ezberdinetako eskaintza jarri duten kulturaz gozatzeko. "Distantziak mantenduz bada ere, elkartu eta kulturaz goza dezagun", adierazi dute.

Hasi, Hezurbeltzak taldearen kontzertuarekin hasiko dira. Hilaren 14an, ostiralean, 19:00etan izango da kontzertua. "Gizarteko pertsonaia baztertuak eta haien inguruko istorioak plazaratzen ditu: poetika, kritika, umorea eta edertasuna uztartuz". Doan izango da, baina beharrezkoa da doako sarrera aldez aurretik eskuratzea, Iriarte jatetxean. 

Abuztuaren 15a, Ama Birjin eguna, festen egun handia izango zena, eskaintzaz betea antolatu dute. Eguerdian, 12:00etan, herri kirolen erakustaldia izango da. Aizkoran, Rekondo eta Saralegi, Arria V.a eta Irazuren aurka ariko dira. Harri jasotzen, berriz, Perurena ariko da. 18:00etan, Apaxiren mendi abenturak ekarriko ditu haurrentzat ipuin kontalariak, Zimiteriora. Eta eguna bukatzeko, 23:00etan, bertso saio nagusia izango da. Andoni Egaña, Alaia Martin, Unai Mendizabal, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio bertsolariak izango dira oholtza gainean, eta Igotz Alkortak egin ditu gai jartzaile lanak. Kasu honetan ere, doako sarrera aldez aurretik eskuratu beharko da Iriarte jatetxean.

Azken eguna, hilaren 16a izango da. 10:00etan, haur eta gaztetxoentzako proba dibertigarri bat prestatu dute: Aztarnei jarraitu eta herriko kultura ezagutu. Jarraian, Maria Lasa eta Maria Belokik trikiti emanaldia eskainiko dute. Festa batzordeak, itxialdia alaitu izana eskertu nahi izan die emanaldi honekin.

Eta kultur eskaintzari amaiera emateko, 19:00etan, Bakean dagoena bakean utzi bakarrizketa saioa izango da Mirari Martirena eta Idoia Torregarairen eskutik.

Haurren ekitaldiak izan ezik, gainerakoak Zizurkilgo Intxaur frontoian izango dira. Jende kopurua kontrolatuko dute, eta horretarako joan nahi duenak doako sarrera eskuratu beharko du Iriarte jatetxean. Festa batzordetik aurreratu dutenez, pertsonako gehienez ere lau sarrera hartu ahalko dira. Eta behin sarrera lortuta, hamabost minutu lehenago gerturatzeko eskatzen diete pilotalekura. Honela, sarrerarik ez dutenek sartzeko aukerarik izango luketen edo ez jakiteko. Era berean, antolakuntzak aurreratu du, "ordurako sartzen ez denak, ez du lehentasunik izango nahiz eta sarrera eduki"

Dagoeneko doako sarrerak eskuragai jarrita daude Iriarte jatetxean. Nola ez, ekitaldi guztietan musukoa beharrezkoa izango da, segurtasun-neurriak zaintzeko.

 

Abuztuak 14, ostirala
19:00. Hezurbeltzak taldearen kontzertua.

Abuztuak 15, larunbata
12:00. Herri kirol erakustaldia: Aizkoran, Rekondo-Saralegi / Arria V-Irazu. Harri-jasotzen: Perurena.
18:00. Apaxiren mendi abenturak, ipuin kontalaria.
23:00. Bertso saio nagusia: Andoni Egaña, Alaia Martin, Unai Mendizabal, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio bertsolariak. Gai jartzailea: Igotz Alkorta.

Abuztuak 16, igandea
10:00. Aztarnei jarraitu eta herriko kultura ezagutu, proba dibertigarria haur eta gaztetxoentzat.
Jarraian. Maria Lasa eta Maria Belokiren trikiti emanaldia.
19:00. Bakean dagoena bakean utzi bakarrizketa saioa, Mirari Martirena eta Idoia Torregarairen eskutik.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!