Zizurkilgo Udalak Covid-19aren agerraldia izan dela adierazi du herrian. Aurrera Plazako lehen zenbakiko bi etxebizitzatan positibo eman dute hainbat herritarrek. Egoera horren aurrean, Zizurkilgo Udalak jakinarazi duenez, osasun publikoko arduradunek eraikin horretako biztanle guztiei PCR proba egitea erabaki dute. Guztira 60 pertsona dira bertan erroldatuta daudenak, eta probaren emaitza jakin arte ezingo dutela etxetik atera argitu dute.
Udaletik herritarrei "lasaitasunez, baina behar den segurtasun neurriak hartuz jarraitzeko" eskatu diete. "Agerraldi honek agerian uzten du koronabirusa gure artean dagoela", gaineratuz.
Era berean, arratsaldean bertan, Zizurkilgo Udalak positiboak agertu diren eraikinaren gune komunak edo guztiek erabiltzekoak desinfektatu dituztela azpimarratu du. "Bertako bizilagunen jarrera, oro har, txalotu nahi dugu udaletik, eta egoera honetan arduraz jokatzeko deia berretsi beharrean gaude", azaldu dute.
Udalak bere bitartekoak bizilagunen eskura jarri ditu, eta "elkar zaintzeko" uneak direla esan dute.