Koronabirusa

Atxulondo jatetxea itxi dute langile batek positibo eman ondoren

Ataria 2020ko uzt. 20a, 15:10

Asteburuetako langileetako bat da PCR proban positibo eman duena eta ez da herrian bizi. Gainerako langileei egindako probek negatibo eman dute baina, hala ere, oraingoz jatetxeak itxita jarraituko du.

Zizurkilgo Udalak esku artean duen informazioaren berri eman du gaur ohar baten bitartez. Langile batek positibo eman ondoren, joan den ostiraletik itxita dago Joxe Arregi plazan kokatuta dagoen Atxulondo jatetxea. Gainerako langileei egindako probak negatibo eman dute, baina badaezpada  jatetxeak itxita jarraituko du. Udalak jakinarazi duenez datozen egunetan berriz egingo zaizkie probak jatetxeko langileei.

Lasaitasunez eta arduraz jokatzeko deia zabaldu nahi izan du Zizurkilgo Udalak eta herritar guztiei segurtasun distantziak mantendu arren maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela gogorarazi die. Eskuak garbi mantentzea ere behar beharrezkoa dela ohartarazi du.

Osasun sailarekin harremanetan dago udala eta informazioa jaso ahala herritarren artean zabalduko dutela esan du Iker Urruzola alkateak: "Elkar zaindu gaitezen".

Zaintza eskaintza bere horretan

Zizurkilgo Udalak udaleku irekirik ez egitea erabaki zuen. Horren ordez, beharrean ziren familientzat zaintza eskaintza egin zen talde txikietara murriztuz. Zaintza eskaintza horrek orain arte bezala jarraituko duela jakinarazi dute, segurtasunez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!