Birziklatze tasa hamar puntu jaitsi da, apirila eta maiatzean

Jon Miranda Labaien 2020ko uzt. 8a, 11:58

Zizurkilgo Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiak «kezkatuta» agertu dira datuarekin; Alarma egoera bukatuta, errefusa etxez etxe biltzen ari dira berriro.

Tolosaldeko Mankomunitateak emandako datuen arabera, 2020ko lehen hiru hilabeteetan Zizurkilen birziklatze tasa %70etik gorakoa zen. Apirilean %62ra eta maiatzean %60ra jaitsi da datua. Arreta deitu nahi izan dute udal ordezkariek eta alkateak arduratsu jokatzeko deia luzatu die herritarrei gainerako udal taldeen izenean: «Kutsatzea ez da eskubidea, ingurune garbian bizitzea bai, ordea».

COVID-19ak sortutako osasun larrialdiaren ondorioz, hondakin bilketan zenbait aldaketa egin zituen Zizurkilgo Udalak. Atez ate bildu beharrean edukiontziak jarri ziren kaleetan errefusa jasotzeko. «Herritarren beharrak ahalik eta hoberen asetzeko eta biltzaile eta bestelako langileen osasuna zaintzeko erabaki genuen aldaketa egitea», esan du Iker Urruzola alkateak. Alarma egoera bukatu da, ordea, eta hemendik aurrera, lehen egiten zen bezala, atez ate bilduko da errefusa. Larunbatetan, 22:00ak baino lehenago utzi beharko dira ontziak zintzilikarioetan. «Ondoren, aste guztian zehar, ontziak etxean gorde ditzazuela eskatu nahi dizuegu, biltzaileen lana errazteko eta osasun neurriak ahalik eta hoberen bete ahal izateko».

Zizurkilgo kaleak «penagarri» daudela adierazi du EAJ-ko zinegotzi Trini Altimasberezek, «ez dakit jendea kontziente ote den sortzen den zikinkeriaz». Baieztapenarekin bat etorri da Joxean Sanchez zinegotzi sozialista eta esan du uste zutenaren kontrakoa gertatu dela pandemia garaian: «Errefusarako edukiontziak kalean eta erabat irekita egonik, lurrean uzten dituzten poltsak murriztuko zirela uste genuen, baina ez da horrela gertatu, herriko puntu beltz gehienek bere horretan jarraitu dute». PSE-EE-ko udal ordezkariak nabarmendu du, COVID-19ak agerian utzi duela garbitasunaren beharra eta kaleak garbi mantentzea denen mesederako dela. Horregatik ingurumen batzordean bilduta aho batez erabaki dute udal talde guztiek aurreko bilketa sistemara itzultzea, behin osasun larrialdia bukatutzat emanda.

Egunotan esku orri bat banatuko du udalak etxez etxe hondakinen bilketaren inguruko informazio guztia banatuz. Zalantza duten herritarrek udalera hots egin dezaketela adierazi du Urruzolak edo mezu bat bidali, ingurumena@zizurkil.eus helbidera. Ohar garrantzitsuenak gogorarazi nahi izan ditu alkateak: «Zizurkildarrei eskatzen diegu hondakinak zuzen sailkatuta dagokion ontzi eta egunean ateratzea, debekatuta baitago hondakinak poltsatan atera eta lurrean uztea. Gogoan hartu nahi genuke, musukoak eta eskularruak errefusaren ontzian bota behar direla eta hondakinak atez ate biltzen diren edozein egunetan atera daitezkeela pixoihalak ontziarekin batera, ondo korapilatutako poltsa itxi batean».

JOERA ALDAKETA KRISIALDIAN

Andrea Etxauri Zizurkilgo ingurumen teknikariak azken urteotako datuei begiratuta esan du, birziklatze tasaren tendentzia «positiboa» dela herrian eta goranzko joera antzematen dela, «hilabeteen araberako gorabeherak izaten badira ere, geroz eta gehiago birziklatzen dela esan daiteke». Azken hilabeteetan, ordea, COVID-19aren ondorioz sortutako egoera berezian, ohitura aldaketa «nabarmena» izan dela aipatu du teknikariak.

Aurtengo apirila eta maiatzean Zizurkilen bildutako hondakin organikoaren eta ontzi arinen kopuruak «nahikoa konstante» mantendu direla adierazi du Etxaurik eta jaitsiera «handia» izan dela papera eta kartoietan. Errefusari dagokionez, berriz, igoera nabarmena izan da, 30.000 kilo errefusa baino gehiago bildu baitira, bai apirilean eta baita maiatzean ere. «Ohiko apirila edo maiatza batekin alderatuta 10.000 kilo gehiago dira».

Datuak kezkagarriak direla berretsi dute udal ordezkariek, eta honenbestez, berrerabili, ahalik eta hondakin gutxien sortu, eta birziklatzeko deia luzatu dute. «Hondakinak dagokion tokian utzi, herria garbi mantendu ahal izateko», amaitu du Urruzolak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!