Koronabirusa

Elkar zaintza programa eskainiko dute uztailean

Ataria 2020ko eka. 20a, 20:59

Egoerak eta kontuan hartu beharreko segurtasun neurriek ez dutenez beste aukerarik ematen, eskaintza mugatua izango da: bakar-bakarrik horren beharra duten haur eta familiei zuzendua.

Aukeraketa egiteko, irizpide hauei erreparatuko zaie: Zizurkilen erroldatuta egotea eta kontziliazio arazoak dituzten familiak izatea. Horretarako, guraso, arduradun edo tutorearen lan egoerak kontuan hartuko dira. Programa honetara egokitzen ez diren familiek udalarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, eta kasu bakoitza banan-banan aztertuko da.

Uztailean eskainiko da elkar zaintza programa eta hilabetea lau astetan banatuko da: uztailak 6tik 10era, uztailaren 13tik 17ra, uztailaren 20tik 24ra eta uztailaren 27tik 30era. Asteka edo hilabete osorako eman ahal izango da izena. Aste batean gutxieneko ume kopurua osatzen ez bada, zerbitzua bertan behera utzi ahal izango du udalak.

Elkar zaintza programa 6 eta 12 urte arteko haurrentzat prestatu dute, 2008 eta 2013 urteen artean jaiotakoentzat, eta astelehenetik ostiralera, goizero 08:30etik 13:30era eskainiko da eta kanpoan egin daitezkeen ekintzak lehenetsiko dira.. Hasiera eta bukaerako orduak zorrotz beteko dira. Zaintza euskara hutsean egingo da, zaintzaile bakoitzeko 5 umeko taldeekin (adinean ahalik paretsuenak, eta familia-unitateak mantenduz). Taldeek ez dute elkarren artean harremanik izango. Oporretan Euskarazeko begirale hautagaiak izango dira zaintzaileak.

Ekainaren 22tik 30era bitartean udal bulegoetan egin behar dira izen emateak. Familia bakoitzak enpresa-ziurtagiria aurkeztu beharko du, umearen guraso, tutore edo arduradun guztiak lanean daudela ziurtatzeko. Astebeteko zaintzagatik 30 euro ordaindu beharko dira (bigarren senidetik aurrera, % 50eko murrizketa), bi astegatik 60 euro, hiru astegatik 90 euro eta lau astegatik 120 euro. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!