Bidean ikasten joan dira Zizurkilgo Pedro Maria Otaño herri eskolan. COVID-19ak eragindako osasun krisia bat-batean iritsi zen, Olatz Urraca ikasketa buruak aipatzen duen bezala, «kolpetik», eta egun batetik bestera eskola «paralelo» bat sortu behar izan zuten: «Asko ikasi dugu eta sormen lan handia eskatu digu egoerak. Gauza batzuetan asmatu dugu eta ikusi dugu beste gauza batzuetan, oraindik, egitekoak dauzkagula».
Lehen asteetan, artean osasun krisiak hainbeste iraungo zuela uste ez zutenean, posta elektronikoaren aldeko hautua egin zuten eskolan. «Ostiral batean ikastetxea itxi eta hurrengo astelehenean bildu ginen irakasleak. Irizpide batzuk adostu genituen eta mailaz maila oinarrizko zein eduki eskaini behar ziren zehaztu genuen». Aste horretan bertan hasi zuten harremana posta elektronikoz ikasleekin. Urracak nabarmendu du, etxe guztietara iristeko ahalegin horretan giltzarriak izan direla senide ordezkariak. «Haiek izan dira tutorearekin harreman zuzena izan dutenak. Aldi berean, beste foro zabalago batean parte hartu dute, non, senide ordezkariekin batera, zuzendariak eta proiektu buruak zeuden. Informazio hori guztia ikasgelako gainerako guraso guztiengana WhatsAppez helarazteko lana egin dute eta oso ondo funtzionatu du».
Posta elektronikoa eta WhatsAppa erabilita ikasleekiko komunikazioa bermatzen zuten arren beste pauso bat eman beharra ikusi zuten Zizurkilgo ikastetxean, are gehiago konfinamendua luzatzen ari zela ikusita: eskolako lan proposamenak paperean eskaintzea. «Ikasle guztiek ez dute inprimagailua etxean eta paperean eskolako lanak edukita, haurra errazago antolatu zitekeela ikusten genuen. Papera bisuala da, ukitu eta bertan idatzi daiteke. Gurasoek ere pauso hori positiboki baloratu zuten», dio Urracak.
Pedro Maria Otaño herri eskolan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, 184 ikasle ibili dira aurten, orotara, 123 familia. Mugimenduak mugatuta zeuden garaian, 123 etxeetara eskolako lanak eramateko erronkari heldu zioten zuzendaritza taldeko kideek. Hasiera batean udalari eskatu zion laguntza eta hark herrian eratu zen boluntario taldea jarri zuen ikastetxearen eskura. Azkenean, lanak gehiegi zailtzen ez zitzaizkiela ikusita, udal langile baten eta zuzendaritzako kideen artean egin zuten banaketa Aste Santuko oporren ondorengo astean.
Hiru asteetarako lan proposamenak bidali zizkieten ikasleei etxeetara. Urraca jakitun da lan egiteko modu horrek era badituela bere mugak: «Eskolan, berez, modu intuitiboan, bizipenetatik eta gorputzetik erakusten dira irakasgai asko, musika, ingurunea edota gorputz heziketa, esate baterako. Nola eraman hori paperera? Irakasleek arlo horietan lanketa berezia egin behar izan dute, sormena erabili eta bide berriak urratu behar izan dituzte». Berdin gertatu da Haur Hezkuntzan ibiltzen diren umeekin ere: «Asteko plangintza bat landu da, proposamenak bideoz bidali zaizkie gero etxeetan landu ditzaten. Baina adin horietan, aurrez aurreko esperientzia ezinbestekoa da heziketarako».
Lan proposamenak etxeetara banatu ondoren, tutoreek eta irakasle espezializatuek ikasle bakoitzaren jarraipena egin dute bide telematikoak erabilita, baina horrekin batera, bidalitako lanak ere jaso dituzte bueltan. Konfinamendu arauak leuntzen hasi zirenean, maiatzaren 18an eta ekainaren 5ean egin zituzten hurrengo trukeak, eskolako frontoian bertan. «Aurretik bidalitako lanak ekartzen zituzten ikasleek (edo haien gurasoek) eta guk hurrengo asteetarakoak eman. Modu horretan umeekin aurrez aurre egon eta balorazio bat egiteko aukera ere bagenuen», dio Urracak. Lan proposamenen luzapena ere murriztu egin zuten azken bi trukeetan, hiru astetatik bi asteetara. «Hurrengo batean, horrelako egoeraren batean tokatzen bagara paperarekin batera, beste euskarri batzuk erabiltzeko aukera aztertu beharko dugu: audioak edo ikus-entzunezkoak ere izan daitezke truke horretarako interesgarri».
Teknologia berriak
Ikasle guztiek, modu batera edo bestera, teknologia erabiltzeko aukera izan dute. «Familiek saiakera handia egin dute alde horretatik eta erantzun oso ona eman dute». Baliabideetan hainbeste ahalegin egin beharrean formazioan jarriko luke arreta, ordea, Urracak: «Ordenagailu eramangarriak edo wifi konexioak herritar guztien eskura jartzea ondo dago, baina aurrez teknologia horiek nola erabili ikasi beharra dago. Datorren ikasturtean, eskolak presentzialki hasten badira, guk lanketa bat egin nahi genuke norabide horretan».
Izan ere, paperean eskolako lan proposamenak bidaltzea, horiek bueltan jasotzea eta tarteka telefonoz jarraipena egitearekin nahikoa ez zela iritzita, telematikoki, bideo deien bitartez eskolak emateko erabakia hartu zuten. Aste Santuko oporren bueltan hasi ziren LHko bosgarren eta seigarren mailakoekin eta ekaina hasieran LHko gainerako mailako ikasleekin. Astean bitan egin dituzte saioak tutoreekin taldetan banatuta eta bide telematikoak erabilita. Balorazio positiboa egiten dute ikastetxean, baina ikasketa buruak gai honetan arduraz jokatu beharra ikusten du: «Guk bideo deiak egiteko gurasoen baimenarekin helbide elektroniko bat sortzen diegu ikasleei. Helbide horrekin, beste hainbat aplikazioetara sarbidea dute ikasleek. Uste dut, arduraz jokatu behar dugula eta praktika egokiak bultzatu behar ditugula Interneten, gaztetxoek modu kritiko batean erabili dezaten».
Gaur amaituko dute ikasturtea Pedro Maria Otañon. Azken lanak entregatu, ikasgeletan utzitakoak jaso eta kurtsoari agurra emateko dinamikak prestatu dituzte eskola atariko jolaslekuan. Txandaka eta segurtasun neurriak betez pasako dira eskolatik.