Honela dio bi festa batzordeek publiko egin duten oharrak:
Osasun krisi honen eraginez, ezinezkoa da festak orain arte ezagutu ditugun moduan gauzatzea. Aurten ez da abuztuan oilasko biltzailerik ibiliko baserriz baserri eta ez da herri afaririk izango. Aurten ez da irailean karparik jarriko edo erraldoi eta buru handien konpartsarik izango. Osasuna eta herritarron elkar zaintza horren gainetik dago eta gozoa ez izan arren, erabakia hartu dugu Zizurkilgo bi festa batzordeok: Aurten ez da herriko jairik izango Zizurkilen.
Horrek ez du esan nahi ezer ez denik izango. Bi festa batzordeetako kideok urteak daramatzagu kultur eragileekin elkarlanean eta jabetzen gara euren egoera gordina dela pandemia garai honetan. Hori dela eta ekitaldi zehatz batzuk egiteko aukera aztertzen ari gara. Ekitaldi zehatz batzuk, segurtasunez, festak egitekoak ziren asteburuetara mugatuta. Eta zizurkildarrei begirako ekitaldiak beti ere, herritarrek kultur ekimenez beste era batera gozatzeko aukera izan dezaten. Baina horrek ez du zerikusirik izango orain arte ezagutu ditugun festekin. Eta beti ere, osasun irizpideen arabera hartuko da azken erabakia eta udalarekin elkarlanean ekitaldi bakoitza ondo aztertuta. Festa batzorde bakoitzak bere garaian jakinaraziko du antolatu ahal izan duenaren berri.
Egoera berezi honek ez du betirako iraungo, ordea. Bi festa batzordeok Zizurkilgo Udalarekin batera konpromisoa hartzen dugu, osasun krisi hau igarotakoan, komunitatean ospatuko dugula jai eder batekin. Aurten eman ezingo ditugun besarkada horiek berreskuratu eta elkarrekin dantza, kantu eta festa egingo dugula. Gora Zizurkil eta gora jai herrikoiak!