Zenbait kirol eremu zabaldu dituzte Zizurkilen

Ataria 2020ko eka. 17a, 12:15

Konfinamendua arintzeko hirugarren fasean sartu ostean, Zizurkilgo Udalak zenbait kirol eremu irekitzea erabaki du. Herriguneko Zimiterioa eta saskibaloi kantxa, Ugare auzoko kirol anitzeko kantxa eta auzoko adinekoentzako kirol gunea zabaldu dira, baita umeen parkeak ere.

Segurtasun neurriak errespetatzeko gomendioa eman du, beti ere, Zizurkilgo Udalak: jende-pilaketak saihestea, 2 metroko distantzia uztea, eta, ezinezkoa den kasuetan, 6 urtetik gorakoek musukoak erabiltzea. Oharrak ipini ditu gune horietan, jendeak egoera honetan bete behar dituen neurriak kontuan izan ditzan.

Aire librean, orain arte bezala, plaza inguruen eta jende gehien ibili ohi den guneen desinfekzio lanekin jarraitu du Zizurkilgo Udalak, eta astelehen goizetan itxi egingo dira aipatutako kirol eremuak eta haur parkeak. Egun horretan goitik beherako garbiketa egingo zaie. «Lehen ere esan izan dugun moduan, COVID- 19aren pandemiari ahal den ondoen erantzutea da aurtengo gure helburu nagusia, eta horretarako garbiketa funtsezkoa da» azaldu du Iker Urruzola alkateak.

HIRU MAKINA BERRI

Horrez gain, udalak desinfekziorako hiru makina erosi ditu espazio itxietan erabiltzeko. Konfinamendua arintzeko hirugarren fasean sartuta, eta jendearen joan-etorria areagotu denez, garbiketa eta desinfekzioa areagotu egingo ditu udalak. Egunero desinfektatuko ditu liburutegia, udaletxea, udal bulegoak eta udaltzainen bulegoa. Beste eraikinak erabiltzen hasi ahala, horien garbiketa ere areagotu egingo dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!