Koronabirusa

Zenbait kirol eremu ireki dira hirugarren fasean

Ataria 2020ko ekainaren 12a

Herriguneko Zimiterioa eta saskibaloi kantxa, Ugare auzoko multi-kantxa eta auzoko adinekoentzako kirol gunea zabaldu dira, baita umeen parkeak ere.

Beti ere, segurtasun neurriak errespetatzeko gomendioa eman du Zizurkilgo Udalak: jende-pilaketak saihestea, 2 metroko distantzia uztea, eta, ezinezkoa den kasuetan, 6 urtetik gorakoek musukoak erabiltzea. Oharrak ipini ditu gune horietan, jendeak bete beharreko neurriak kontuan izateko.

Aire librean, orain arte bezala, plaza inguruen eta jende gehien ibili ohi den guneen desinfekzio lanekin jarraitu du Zizurkilgo Udalak, eta astelehen goizetan itxi egingo dira aipatutako kirol eremuak eta haur parkeak. Egun horretan goitik beherako garbiketa egingo zaie. “Lehen ere esan izan dugun moduan, COVID- 19aren pandemiari ahal den ondoen erantzutea da aurtengo gure helburu nagusia, eta horretarako garbiketa funtsezkoa da” azaldu du Iker Urruzola alkateak.

Desinfekziorako makinak

Horrez gain, udalak desinfekziorako hiru makina erosi ditu espazio itxietan erabiltzeko. Konfinamendua arintzeko hirugarren fasean sartuta, eta jendearen joan etorria areagotu denez, garbiketa eta desinfekzioa areagotu egingo ditu udalak. Egunero desinfektatuko dira liburutegia, udaletxea, udal bulegoak eta udaltzainen bulegoa. Beste eraikinak erabiltzen hasi ahala, horien garbiketa ere areagotuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!