Berrantolatu eta indartu egin dituzte gizarte zerbitzuak

Jon Miranda Labaien 2020ko eka. 11a, 19:58

Zizurkilgo herritarrek Aiztondoko Zerbitzuen Mankomunitatearen barruan jasotzen dute arreta, eta osasun krisiaren garaian, areagotu egin dira eskaerak.

Zizurkilen gizarte zerbitzuek martxan jarraitu dute konfinamendu garaian ere. Arreta telematikoa izan da; telefonoz edo posta elektronikoaren bitartez erantzun zaie herritarrei beharrei. Anabel Balerdi, Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatean lan egiten duen eta Zizurkilgo zerbitzuaz arduratzen den gizarte laguntzaileak esan duenez, ahalik eta gertuen egoten eta ahalik eta erantzun egokiena ematen saiatu dira bulegotik.

«Gertutasuna da gure lan egiteko modua», aipatu du Balerdik eta joan den astelehenetik, dagoeneko presentzialki arreta eskaintzen ari dira Zizurkilgo Muñoa kaleko 36. zenbakian duten bulegoan, aurrez txanda hartuta, beti ere. «Hurbiltasuna» aipatu du baita ere, Maite Amenabar Zizurkilgo alkateorde, gizarte zerbitzuetako zinegotzi eta Aiztondoko mankomunitateko lehendakariak: «Osasun krisialdian udalak garrantzia ematen nahi izan dio herritarrekiko gertutasunari eta 24 orduz martxan egon den telefono zenbaki bat eskura jartzearekin batera, gogoratu nahi izan du, hainbat motatako beharrei erantzuteaz arduratzen direla gizarte zerbitzuetan: diru laguntzak, egoera ahulean diren herritarren arreta eta akonpainamendua, etxez etxeko laguntza zerbitzua, menpekotasunaren prebentzio programa...». Informazio hori guztia biltzen duen eskuorria ari dira banatzen etxez etxe azken aste hauetan.

Zizurkilgo gizarte laguntzaileak nabarmendu du eskaintzen diren zerbitzuak berrantolatu egin behar izan dituztela osasun krisiaren harira. «Telematikoki lanean jardun dugu, ez bakarrik laguntzaileak, baita psikologoak, hezitzaileak eta guk koordinatzen ditugun programetako langileak ere. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan jardun dutenek, berriz, presentzialki jarraitu dute lanean».

Sarean lan egiten dutela azpimarratu du Balerdik eta beharrak aginduta zenbait zerbitzu indartu egin behar dituztela esan du. «Hiru egoiliar bizi dira udalaren tutoretzapeko etxean eta zenbait espazio egokitzeaz gainera, arreta ere indartu egin behar izan dugu. Berdin gertatu da adinekoen pertsonen jarraipena egiten duten teknikarien kasuan ere».

Zizurkilen 70 urtetik gorako 500 herritar baino gehiago daude eta udaletik haietako bakoitzarekin harremanetan jartzen saiatu dira. Amenabar: «Banan-banan hots egin zitzaien eta zer moduz zeuden galdetu. Baten bat triste edo beharrean zegoela sumatzen bagenuen, jarraipen berezia egin eta astero deitzen genion. Kasuren bat edo beste detektatu dugu eta horrelakoetan kontsulta egin dugu gizarte zerbitzuekin». Hain zuzen, konfinamendu hasieran 70 urtetik gorako herritarrei maskarak banatu zitzaizkien herrian eratu den 40 lagunetik gorako boluntario taldearen bitartez. Amenabarrek dio, larrialdia ez dela oraindik bukatu eta talde honek laguntzen jarraitzeko aukera izango duela.

ELIKAGAI BANKUA

Askotariko zerbitzuak koordinatzen dira Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko bulegotik baina Balerdiren ustez, ekonomikoki egoera zailean dauden familien ugaltzea ekarri du osasun krisiak. «Erabiltzaile berriak gerturatu zaizkigu egun hauetan eta kasu horietan, esku-hartzeak egin dira, etxez etxeko laguntza zerbitzuren bat eskaini edo elikagai bankura bideratu zaie».

Zizurkilen 2013tik dago martxan elikagai bankua eta hiru hilez behin, bataz beste, 40 familia ingururi eskaintzen zaizkie elikagaiak. Datorren astean dute hurrengo txanda eta Balerdik azpimarratu duenez 52 familiari banatuko zaizkie jatekoak: «Beharra ugaritu denaren seinale da hori, familia askok bizimoduari eusteko gastuei aurre egin ezinik dabiltza. Konfinamendu garaian, behar gehien dutenei banaketa bereziak egin zaizkie hamabost egunez behin».

Ekaineko banaketarako, gainera, Oiartzungo bankutik ekarritako elikagaiez gainera, Gurutze Gorriak emandakoak eta herriko enpresa pare batek egindako dohaintzak ere izango dira. «Elikagaiez gainera, oinarrizko garbiketarako produktuak ere banatu ahal izango dira», aurreratu du Amenabarrek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!