Diru laguntzak merkatari eta ostalarientzat

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 28a, 17:00

Zizurkilgo Udalak diru laguntza deialdia egin du herriko merkatari, ostalari eta enpresari txikientzat, krisian laguntzeko.

Zizurkilgo udaletik aurrez azaldu izan duten bezala, aurtengo aurrekontuak COVID-19aren pandemiak eragindako kalteak leuntzera bideratuko da. Hilabeteotan, udal ordezkariek nabarmendu dutenez, «gizarte zerbitzuak indartu, garbiketa areagotu, osasun eta segurtasun neurrietan inbertitu eta herria bizirik mantentzeko ezinbestekoak diren merkatari, ostalari eta enpresari txikiak laguntzera bideratu da udalaren ahalegina».

50.000 EUROKO PARTIDA

Alarma egoerak «kalte handiak» eragin ditu Zizurkilgo merkatari, ostalari eta autonomo ugarirengan. Udalak euren egoera arintzeko diru laguntzak partituko ditu eta horien helburua «kalte horiek leundu eta aktibitatera itzulera erraztea da». Erabateko etetea izan duten negozioen kasuan 500 euro arteko laguntzak emango da hileko eta etete partziala izan dutenen kasuan 300 euro artekoa. Onuradun bakoitzak, gehienez, 1.300 euroko diru laguntza jaso ahal izango du.

Diru laguntzak eskatzeko epea Gipuzkoako agerkarian dekretua publikatu eta 10 egunekoa izango da. Dekretuan zehazten da aurkeztu beharreko dokumentazioa. Besteak beste, negozio edo aktibitateak Zizurkilen egon beharko du eta eskatzaileak frogatu beharko du pandemiak eraginda galera izan duela. www.zizurkil.eus atarian kontsultatu daiteke testua bere osotasunean. Udalak 50.000 euroko diru partida jarriko du laguntza horietarako. Udal ordezkariek aipatu dutenez, «kontuan hartzeko zifra da, udal aurrekontuen murrizketa oso gordina izango den urtean».

Aurrez, apirilean, Zizurkilgo Udalak jada iragarri zuen aurtengo IBI edo OHZ zerga itzuli egingo zela kaltetutako negozioei, ekonomia jarduera zerga ez zela kobratuko eta udal eraikinen kasuan negozioak itxita egon ziren epeko alokairurik ez zela kobratuko.

Zizurkilgo udal ordezkariek nabarmendu dutenez, orain iragarritako diru laguntzak neurri horiek osatzera datoz. Herritarrei deia ere egiten diete, egoera honetan inoiz baino gehiago, herrian kontsumi dezaten.

Zizurkilgo Udala elkarlanean ari da krisiari erantzuten, martxotik eratua dago krisi mahaia eta alderdi guztien adostasunarekin ari da neurriak hartzen pandemiaren aurrean. Egoera honetan batera lan egitearen garrantzia azpimarratu dute udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!