"Egoera konplikatu bat izan daiteke aukera bat erretzeari uzteko"

Jon Miranda Labaien 2020ko mai. 18a, 19:59

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak, eskualdeko beste hainbat erakunderekin batera eta maiatza osoan zehar, tabakoaren kontsumoa murrizteko kanpainaren barruan argazki lehiaketa bat egingo du Instagramen.

Aurten, halabeharrez, eta osasun egoerak horretara behartuta, bestelako ekitaldi publikorik ez dutela egingo esan du Maider Sierra Arana (Zizurkil, 1978), Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologo eta prebentzio arloko arduradunak.

Zuek ere ari al zarete elkartean egoera berrira moldatzen?

Bueno, bizitza ezberdin honetan murgilduta gaude eta egokitzen ari gara. Prebentziotik lan egiten dugunean gure esparrua komunitatea da, kalea da, ikastetxeak dira. Momentu honetan guzti hori mugatuta dagoenez, etxetik ari gara lanean, buru-belarri. Ahalik eta zerbitzu onena, kalitatezkoa emateko asmoz ari gara. Baina bai, arraro doa.

Osasun krisialdiak iraun duen bitartean, gaixo onkologikoei ez zaizkie tratamenduak eten. Ezohiko egoeran baino eutsi zaio normaltasunari?

Bai, saiatu dira behintzat. Ez da erraza izaten, beldurra ere badagoelako pazienteen aldetik. Oso premiazko ez ziren interbentzioak bai etenda geratu ziren une batean, baina azken asteetan berriz ere heldu zaie horrelakoei. Gizarte guztian gertatu den bezala, minbizia duten gaixoengan eta ingurukoengan ere, denbora aurrera joan ahala ezinegona handitzen joan da. Nahiz eta tratamenduek jarraitu duten, beldurrak eta gaizki egonak ugaritu egin dira eta guk nabaritu dugu hori elkartean. Sufrimendua handitu egin da egoera honetan.

Aholkularitza eta babes lana egiten duzue zuek, nagusiki. Nola moldatu zarete zuen zerbitzuak eskaintzeko?

Gure elkarteko onuradun gehienak, gaitza dutenez, COVID-19az kutsatzeko arriskua duten taldeen barruan sartu dira, eta hortaz, hasieratik bagenekien ezingo genuela arreta zuzena segurtasunez eman. Beraz, etxeetatik jardun dugu. Gaur egungo teknologiek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, bideo-konferentzien bitartez egiten ditugu bakarkako jarraipenak eta baita taldeko terapiak. Nik erretzeari uzteko taldearekin online jarraitzen dut. Ahal dugun moduan, bestela telefonoz, baina guregana jo duten guztiei arreta eskaini diegu. Gure lana areagotu egin da krisiarekin. Egia da, egoera honetan gure zerbitzuak zabaldu egin ditugula. Nahiz eta minbizia ez eduki, COVID-19a eduki edo gaitzaren ondorioz senide bat galdu ondoren dolu prozesua bizi duten pertsonak ere lagundu nahi izan ditugu. Iruditzen zitzaigun garrantzitsua zela bertan egotea eta guk genuen esperientzia hori baliatzea. Lanez lepo gabiltza bai, baina molestatzeko beldurrez ez dadila jendea deitu gabe geratu, behar den tartea aterako dugu haiekin egoteko.

Beldurra sumatu duzu zuk egunotan?

Bai. Etxeratu behar izan genuenean eta baita duela pare bat aste umeak kalera ateratzeko baimena izan zutenean ere. Kalera ateratzen hasi garenean ere beldur handia nabari da inguruan. Gure onuradunek komentatzen digute, beldurra eta ziurgabetasun handia sentitzen dutela, gaitz berri bat delako, ikusten ez dena. Beldurra areagotu egiten da COVID-19az gainera beste gaixotasunen bat presente badago, minbizia kasu. Etxe berdinean norbait isolatu beharra eta ondorioz minbizia duen pertsona ezin zaindu izatea ere tokatu zaie zenbaiti. Egoera ezberdinak ezagutu ditugu aste hauetan.

Prebentzioa, ikerketa eta osasun publikoaren beharra agerian geratu da krisi honekin.

Bai eta horiek izan dira gure elkartean oinarrian izan ditugun zutabeak, orain inoiz baino ageriago geratu direnak. Gaixotasun bat eduki nahi ez badugu prebentzioa landu behar dugu eta hori argi geratzen ari zaigu orain koronabirusarekin.

Prebentzioaren arloan eragiteko lan talde bat osatua duzue eskualdean aspalditik.

Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartea, Amasa-Villabona eta Tolosako udalek, Tolosaldeko ESIak, Asuncion klinikak eta Tolosaldea-Goierriko Osasun Saileko kideak modu koordinatuan aritzen gara aspalditik. Gure lana egiteko modua da hori, koordinazioan. Tolosaldea Kerik eta zigarrokinik gabe proiektua daramagu elkarrekin, adibidez.

Uste duzue tabakoaren kontsumoa areagotu egin dela konfinamenduan?

Gure etxeak bihurtu dira eskola, gimnasio, taberna... lehen etxeak kerik gabeko espazioak bihurtzen ari ziren eta orain egoera horri buelta ematen ari zaiola sumatzen dugu. Nerabeak, akaso lehen gurasoen aurrean erretzera ausartzen ez zirenak, hasi egin dira egun hauetan. Egoera hau ez genuen alperrik galdu nahi, aukera bat delako gauza hauei buruz hitz egiteko eta erretzeari utzi nahi dionari laguntzeko.

Sozialki erretzen duenik ere bada. Espazio horien faltan aukera sortu liteke erretzeari uzteko?

Bai. Aspektu hori adierazten saiatzen gara gu. Konfinamenduaren lehen asteetan antsietate handiak bizi izan ditu jendeak eta horrek eragin du kontsumoa handitzea. Baina egia da, beste askorentzat aukera paregabea izan da. COVID-19aren aurrean babestuago egoteko modu bat delako eta erretzera bultzatzen zituen estimuluak dagoeneko ez dituztelako eskura. Aukera baliatu dute. Egoera konplikatu eta arraro bat izan daiteke aukera bat erretzeari uzteko.

Bolo-bolo ibili da informazio hori komunikabideetan. Zuek zein iritzi duzue nikotina COVID-19aren aurrean aldagai babeslea dela esaten duten informazioez?

Ikusi behar da ikerketa horiek zer nolakoak diren. Argi dugu nikotina ez dela inoiz babesle bezala ikusi behar, osasunarentzat sustantzia kaltegarria baita. Elkartean adituekin bilerak egin ditugu eta ez gaude batere ados ikerketa horrekin. Informazio horien atzean askotan interesak egoten dira eta pentsatzen dugu benetan osasun aldetik astakeria litzatekeela horrelako gauzak zabaltzea. Dependentzia sortzen du nikotinak eta kalte handiak dakartza. COVID-19arekin ere argi geratu da: geroz eta osasuntsuago egon, orduan eta hobeto egiten zaiola aurre gaitzari. 

'EZ ERRETZEKO ZURE ARRAZOIAK' INSTAGRAMEN

Nerabeekin askotan egiten dugun galdera da «zergatik erretzen duzu?» baina alderantziz egitea proposatzen du Sierrak. «Zergatik erabakitzen duzu ez erretzea? Martxan jarri dugun lehiaketarekin arrazoi horiek denak agerian jarri nahi ditugu».

Instagrameko perfila publikoa edukiz gero, argazkia publikatu eta #ezerretzekozurearrazoiak traola erabili behar da parte hartu ahal izateko. Instragamik ezean 667 11 36 32 telefonora WhatsApp bat bidali daiteke edo tolosaldea@aecc.es helbidera bestela bidali daiteke argazkia. Maiatzaren 24ra arteko epea jarri dute eta gero saridunaren izena, Tabakorik Gabeko Nazioarteko Egunean egingo dute publiko, maiatzaren 31n.

Argazki irabazleak Smartwatch bat eramango du. Aurten ez dute sari banaketa ekitaldi publikorik egingo osasun egoerak ez duelako baimentzen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!