Koronabirusa

Bi ibilbide proposatu dituzte Zizurkilen

Ataria 2020ko maiatzaren 2a

Konfinamendutik irteeran, herritik irten gabe, bi ibilbide proposatu dituzte Hernandorena kultur elkarteak eta Zizurkilgo Udalak.

Bakarka, aire librean egin liteke kirola herritik irten gabe. Eta aukera ona izan liteke herria hobeto ezagutzeko ere. Arazotik aukera sortu nahian, Hernandorena Kultur elkarteak eta Zizurkilgo Udalak bi ibilbide proposatzen dizkiete herritarrei mendi itzuli bat egiteko Zizurkilgo mugetatik irten gabe.

Binaka egin daitekeen paseoaren kasuan, ibilbide horien zati bat soilik egin ahalko da, momentuz, baina izango da horretarako aukera ere aurrerago. Ibilbide guztiei Joxe Arregi plazan jarri diete hasiera puntua baina bakoitza bere etxetik gertueneko puntuan has daiteke.

“Aurten Maiatza Saltsan mugarrien inguruan ardaztuta genuen, eta ekimen hau aurrera eraman ezin denez, aukera polita izan liteke herria ezagutzeko ibilbide horiek egitea”, azaldu du Iker Urruzola alkateak. Aurrerago ibilbide gehiago ere jarriko dituzte aukeran.

Hemen daude ikusgai bi ibilbideak: Elbarrena-Herrigunea-Elbarrena eta Salobietarreka-Urkamendi daude proposatutako bi ibilbideak. Zizurkilgo Udalak, Hernandorena Kultur Elkarteari eskertu nahi dio egindako ahalegina. 

 

Musukoen banaketa

Asteburu honetan 70 urtetik gorako adinekoen artean banatuko dira Zizurkilgo Udalak eskuratu dituen maskara edo musukoak.
 
Udalak erabaki du gaitzaren aurrean zaurgarrien azaltzen den taldea babestea lehentasun gisa. Egoera honi aurre egiteko sortu den boluntario sareko kideak aritu ziren ostiralean banaketa prestatzen eta eurek banatuko dute etxeetara.  
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!